Zaragozako etorbidearen eguneroko erabiltzailea izanik, ikuskizun bitxi baten lekukoa izan naiz nahi baino sarriagotan: Nafarroako egunkari ezagun baten egoitzaren parean igarotzean, argi gorri batek trafikoa geldiarazi eta, etorbidea trafikoz libre, auto partikularrak edo enpresaren furgonetak ateratzen dira lasai-lasai. Antza denez, komunikabide horren sarreran dauden zaindariek kontrolatzen dute semaforoa eta nahierara mozten dute trafikoa. Hau da, enpresa pribatu batek errepide nagusi bateko trafikoa kontrolatzen du bere interes partikularren arabera.

Egunkari horretatik metro eskas batzuetara Nafarroako Suhiltzaileen egoitza nagusia dago. Baina haiek, larrialdi batez arduratu behar dutenean, sirena joz atera behar dute Zaragozako etorbidera: haiek ez dute semafororik kontrolatzen. Klaseak eta klaseak daude.