1.700 irakurle sendo omen zituen Euskaltzaindiaren Erlea aldizkariak, batzuen ustez Euskal Herri osoan ziren euskarazko irakurle sutsu berberak. “Zituen” diot aldizkaria zendu baitzen.
Literatura euskaraz argitaratzeak baditu muga franko: euskaraz irakurtzeko zaletasun murritza, argitaletxe ugari, diglosia (euskara bazterreko hizkuntza),… eta nik gehituko nuke gazteek bertzelako denbora-pasa klase dutela teknologia berrien eskutik.
Hala ere, 150.000 literatura irakurle potentzial omen dira euskaraz. Hamarren bat ohiko irakurle sutsu izanik; 25.000 gehiago ohiko irakurle moderatu, eta hemendik hondarrera, arrunt noizbehinkakoak. Afera da nola hedatu zaletasun sendoa irakurle potentzialen kopururaino. Izanez ere, euskararen hobe beharrez, kontuan hartu beharko genuke, bizi garen hizkuntza ekosisteman, ez dela mintzairarik irakurlerik gabe iraunen duenik.
Inork ez du asmatu oraindik euskaldunak nola bihurtu irakurle. Hala ere, nire iduriko, badira ekimen batzuk hagitz lagungarriak bide horretan, eta erreparatu nahi diot 111 Akademiari. Aski da bere webgunean sartzea euskaraz sortutako literaturaren ikuspegi osoa izateko: argitaratu berriko liburuak, lanak urteka, egileka edo generoka; irakurleen iruzkinak -oso, oso interesgarriak- eta idazleekiko elkarrizketak, bertze baliabideen artean. Urtero irakurle bazkideek hautatzen dute aitzineko urtean argitaratutako gehien gustatzen zaien liburua bi kanporaketetan eta finala batean bozkatu ondoren, eta 111 Akademiako Saria ematen da. Beraz, irakurzaletasuna bazkatzeko aukera, klik batera.