Síguenos en redes sociales:

Zorioneko mapa

ALBISTEAK bazuen halako kutsu enigmatikoa. "Euskal mendizalea Espainian hila". Testuan ederki barneratu arte ez zenuen jakinen zenduari ez ziola bihotzekoak jo, Lavapiesen kaña batzuk hartzen ari zela, ezta Sevillako paso batek harrapatu, prozesioa ikusi bitartean. Delako euskal mendizalea mendi istripu batean hila zen, Gredosen. Edozein irakurlek -batez ere, Euskal Herriko hamar milaka mendizaleetakoa bazen- lehen begi kolpean jabetuko zen "Euskal mendizalea Gredosen hila" irakurrita. Hori, ordea, hedabidearen lerro editorialaren kontrakoa zatekeen. Haren ikuspegian, atzerria da gure zazpi probintzietako mugetatik harata dagoen guztia. Dena berdina, ñabardurarik gabe. Eskubide osoa du, jakina, baina oker adituak eta nahasmenduak sorrarazten ditu. Atzerri horretako toki aunitz Euskal Herriko bertze mila zoko baino etxekoagoak izaki hamaika euskal herritarrendako. Arrazoi beragatik zait hain arrotz eguraldiaren maparen eztabaida. Haizeak eta hodeiek deus guti dakite mapez, ezta gure biziak eta gure interesek ere. Nafar frankorendako, telebista foraleroek eguraldiaz ematen duten informazioa deus gutitarako da. Nola moldatu asteburuko plana Zarauzko, Hendaiako edo Jacako berririk gabe? Mapak, tamalez garrantzizkoak dira hainbaten ikusmoldean. ETB berriz ere berenganatu eta berehala, eguraldiaren mapa moldatu dute jeltzaleek. Ez da sekulako aldaketa izan: euskal herrialdeen arteko lerroen trazadura mehatu dute, eta loditu, berriz, Espainiako eta Frantziako auzo herrialdeekikoa. Zir-tzilkeria hori estakuru, desegin du Barcinak Euskal Telebistari buruzko hitzarmena. Bai, inoiz bete ez duen hori. Borondate txarra dario Nafarroako Gobernuari. Eta baldarkeria, berriz, ETBko zuzendaritza berriari. Beharbada hitzarmen hori berpiztera saiatzea zorioneko mapa ukitzea baino onuragarriagoa zen, ETBren ikusle nafarren interesak zain-tze aldera. Kontua hori bazen, behintzat.