nazio bat omen gara, baina ereserkirik ez dugu, ez bederen nazio sentitzen diren guztiak asebetetzeko adina. Kontu hutsala dirudi. Ez da. Ezin dominarik jaso himno txukun bat ezpainetan erabili gabe. EAJren temaz, Gora ta gora hartu zuten beretako EAEko erakundeek. Hiru hamarraldiren ondotik, irudipena dut Eusko abendaren ereserkia-k arrotz samarra izaten segitzen duela, hiru probintzietan, jeltzale ez diren herritarrendako. Egin kontu Nafarroako edo Iparraldeko euskaldunen artean. Behingoz, himnoak ez digu gure artean liskartzeko motiborik ematen Foru Komunitateko biztanleoi, Sabinoren bertze sorkari batzuek ez bezala. Gure mendebaldeko herrikideen oniritzia bilduko duen soinurik ez dugu, dena dela, asmatu ekialde honetan. Nafarroako Gorteen Ereserkiak errotuagoa ematen du: Sanferminetan, Iruñeko zezen plazako eguzki aldean ere erabiltzen da kanta-marmarrean. Damurik -barka nazatela Nafarroa Handiaren zaleek?- ez dirudi esportagarria. Putinen guardasola antzezlanean Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak zenbait proposamen egin ziguten, beharbada kontuan hartzekoak. Suedian, euskal kirolari batzuk urrezko domina irabazi, podiumera igo eta hara non hasi diren Ikusi mendizaleak kantatzen. Gure herri gero eta hiritartuagotik urruti ematen du, baina aunitzi gustatu zaio. ETBn ere euskal taldeetako futbolari andana agertu dira, Joseba Irazokiren gitarra elektrikoaren soinupera: “?gu euskaldunek gera, Euskalerrikoak!”. Ezkutuko operazio bat? Pili Zabalari, behintzat, ez zaio gaizki irudi-tzen, nahiz eta, Berria-n irakurri dugunez, Podemosko hautagaiak Txoria txori nahiago izan. Bertzeen aldean, Laboaren lanak abantailak ditu. Ezagunagorik ez dago euskal kantagintzan. Ereserkiak zutik eta lehor kantatu behar dira, ordea, eta hori gaizki ezkontzen da gure afalondo alkoholiko eseriekin. Bila segitu behar, zer erremedio.