idazleak azken zuzenketa sartu eta testua gorde du ordenagailuko disko gogorrean. Hogei segundo geroago erantsi dio Iruñera doan mezuari. Sobera berandu dabil Durangorako, baina Txemak, batzuetan, mirariak egiten ditu. Motor hotsak begiak hurbilarazi dizkio leihora. Udazken eguerdiko eguzkiak argitzen du oraino Adarra mendia. Monobolumen zuria gelditu da baserriaren ate ondoan, emakume gazte bat gidari. Langelatik, idazleak ikusi nola atera den bere andrea, ziztuan ibilgailura, eta nola askatu dituen, indarrez ia-ia, bi haurrak gibeleko segurtasun-jarlekuetatik. Amamaren espantuei eta biloben algarei ohartuta, elkar ikusi gabeko urteen kontua atera lezake arrotzen batek. Egiazki, joan den igandean ere etorri ziren Zornotzatik bazkaltzera. Eta aurrekoan. Alabak egunkaria ekarri dio aitari. Gizon ile-urdin baten argazkiak apaintzen du lehen orrialdearen goiko izkina. 60 bat urte izan litzake, idazleak adina, baina idazlea meheagoa da, eta larruazal ilunagokoa, eta tikiagoak haren sudur-belarriak. Barneko orrialdeetan, gizona jauregi ofizial baten aitzinean ageri da, eskaileretan jarria. “Honexeri itxaroten zeuntson, ezta?”, alabak. “Honexeri”. Idazleak skype abiarazi du ordenagailuan. Habanan sei ordu goizago izanen dira, 10.15, beraz. Telekomunikazioko konpainia kubatarra madarikatu bitartean, begiak finkatu ditu apal liburuz beteetako argazkietan: idazlea Gorbeia gainean, idazlea Guggenheimeko atean, idazlea San Ferminetan. Lagunek munduko toki desberdinetatik igorri dizkioten postalak ere badira: Eskiula, Aran uharteak, Varadero? Egunen batean, andreari kasu egin eta toki horiek ezagutzera joan behar lukeela erran dio bere buruari. Ordenagailuan irudi bat agertu da azkenik. Pantailan, geldo eta lauso bada ere, ezagutzeko modukoa da egunkariko gizona. “Dedio, Edilberto -idazleak- hau ziria sartu dieguna hire karratuzko atorra dotore horrekin, ezta?”.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
