Hiru Erregeen Mahaia
Oskarbi argitu du Zurizako kanpinean. Giro apartaren iragarlea da goizeko hozkirria. Linzako aterpeko aparkalekuan ez da inor gehiagorendako lekurik, teilatupean lo egin dutenei furgoetan ostatatu direnak gehituta. Gu baino goiztiarragoak begipean ditugula abiatu gara maldan goiti. Mazela pikoak ezabatu digu haiek harrapatzeko ideia. Gehiago dira aitzinatzen gaituztenak aurreratzen ditugunak baino. Okerreko tokian dago bakartasun bila etorri dena. Lagun taldeak eta familiak, bikoteak eta bakarrik etorritakoak? guztiek zanpatu nahi Euskal Herriko gailurra. Edo Nafarroako Foru Komunitatekoa. Eguzkiak aitzina egin ahalean, lerro koloreanitza eratuz doa bide meharrean. DBHra ailegatu ez diren seme-alabak ahalegin agerikorik gabe ari dira gurasoen ondotik. 10 urte zaharragoak izan litezkeen neska lirainek dantzan dirudite harriz harri. Lasterka dabilenik ere bada, ez nahitaez gazte txoro. Baten aztalei begira gelditu naiz, bekaitz, nire adintsua dela sumatuta. Aragoitik ari gara, baina Aralarren izan gintezke. Gipuzkera nagusi. Eta bizkaiera ez bakan. Eta Bortzirietako solasa dakarren taldea. Eta Sakanakoa baizik ez daitekeen bikoa. Nafar erdara. Bilbotar gaztelania. Bertakorik bada, ez dabil agertu zale. Lau orduren buruan, goian gaude. Ikusmira bikaina da, baina kaskezurretaraino beterik daude bazterrak. Heldu direnei lekua utzita ihes egin dugu beheiti. Itzulbidean, neska saldo bat eta haur tiki samarrekin igotzen ari diren bi bikote dira gurutzatu zaizkigun azkenak. Bi taldeek bibakeatzeko materiala daramate bizkar gainean. Izarpean eginen dute lo, 2000 metroren bueltan. Berriz ere bekaitz, ni. Biharamunean, ibilbide laburragoa hautatu dugu, ez hain pikoa. Bezperakoa bezain ederra izanagatik, ez da kasko enblematiko bat, ez da inongo mendirik altuena. Inorekin topatu gabe egin dugu ibilbide osoa.