Duela hogei bat urteko kontua da. Tunisiara joanak ginen lagun baten familia bisitatzera. Egunean zehar ez zegoen kalean ibiltzerik, eguzkiaren berotasunak inguruak kiskaltzen baitzituen, horrenbeste, gerizpetik zirkinik egitera ez bultzatzeraino. Iluntzean, ordea, ordura arte erdi hutsik egoniko kaleak, tabernak zein bestelakoak jendez mukuru betetzen ziren. Ibilgailuen eremuak ere kontu kontari ari ziren gizonezkoek -orduko hartan, inguru hori gizonezkoena baitzen oso-osorik- hartzen zituzten, egunean gertaturikoak, hedabideetan entzundakoak edota bestelako kontuak hizpidetzat hartuta. Biribil itxurako batean zeudenei aditzera eman nien denbora zein bizkor igarotzen den, atzamar tarteetatik zein erraz doakigun. Zaharrena zirudienak hitza hartu eta oker nengoela adierazi zidan: denbora ez doa, etorri dator!

Denbora gainera etorri dator Espainiako gobernagarritasunaren inguruabarrean. Hilabeteak igaro dira hauteskundeak egin zirenetik eta ez da ganorazko urratsik eman legealdirako gobernua eratu ahal izateko. Gainera, ematen du, batzuei baldintza hauetan gobernatzen ahalegintzea bainoago, are gehiago interesa-tzen zaiela hauteskundeak berriz errepika daitezen. Izan ere, gobernua eratzeko aitzindaritza erakutsi behar duen alderdi sozialistak bilkura gehiago egin ditu askotariko eragileekin, gehiengoa eman ahal dioten alderdiekin baino.

Erkidegoen finantzaketa, estatuaren eraberritzea, estatuaren lurralde eta lan-erreforma, datorren urteko aurrekontuak, gainera datorren krisi ekonomiko berri baten mehatxua, eskubide zibil eta politikoetan aurreko urteetan gertaturiko atzerapausoak, Europar Batasunaren egungo egoera eta etorkizun hurbilean jazo daitekeena, kutsadura eta berotegi efektua, Europako eta Espainiako migrazio politiken porrota, indarkeria matxista, gero eta desorekatuago azaltzen diren gizarteetan gertatzen ari den eskuin muturraren indartze etengabea eta abar, horra hor puri-purian azaltzen ari zaizkigun arazoetako batzuk, engaiamendua eta etenik gabeko lana eskatzen ari direnak. Bitartean, erlojua gainera etorri dator, estatuan ia dena geldi dagoen bitartean.

Hauteskunde berri batzuk deituz gero, emaitzak hobeak izan ditzakeela eta, gobernua sostengatzera deitutakoak ahalik eta egoerarik ahulenean nahi ditu alderdi sozialistak... Baina horrela ez du gehiengo eragingarririk eta denboran iraun dezakeenik eratzerik lortuko. Aitzitik, mesfidantza giroa areagotu besterik ez da egingo, hartu beharreko erabakiak hartzea eragotziz. Bada sasoia denbora baliatzeko, guztiei eran-tzukizunez joka dezaten eska-tzeko, bakoitzak daukan ordezkaritza kontuan hartuz, itxurakerietatik eta inora ez garamatzaten adierazpenetatik haratago.