nAFARROA asko ezagutu gabe edozeinek daki, Administraziotik harago, oso gune ezberdinak dituela Bortzirietatik Tuteraldera edo Sartagudatik Goizueta, Zubiri edo Urdazubira. Azken egunetan Foru Erkidegoan gordin darabilten Euskara Legearen ildotik, Tafalla inguruan dagoen Artaxoan izandako esperientzia batzuk datozkit gogora. Geografia osoan ere hainbat ibilia naiz baina El Cerco-ren magalean dagoen herri hori ondo samar ezaguteko aukera izen nuen aspaldi eta gerora ere izan ditut abaguneak haren garapena jarraitzeko noiz edo noiz.

1960ko hamarkadan Bilbon bizi ziren bi anai dultzaina-joleri esker ezagutu nuen Artajona (orduan). Anai bat dagoeneko Parisen errefuxiatua zegoen eta zaharrenak eraman gintuen bere etxera, gure haurrei medikuak, oporretan, haize epel eta lehorra zegoen tokiren batera joateko agindu zielako arnas bideak arin-tzeko. Etxez aldatu beharra izan genuen eta ondorioz andre gazte alargun eta haren semearekin bizi izan ginan ia hilabetez. Lehen egunetik harrituta jarri genuen etxekoandrea gure haurrekin euskera egiten genuelako: “Pobres niños, ¿cómo les habláis en ‘eso’?” eta egun beretsuetan entzun genion. “Perdonar porque en el patio hay txingurris, mi marido dejaba el aitzur en la muna (muga?)” edo “nuestro muino es el mejor terreno para el esparrago.” Eskolagabea zenez atera nion ez zituela hormiga, lindero altozano ez azada gaztelerazko terminoak ezagutzen, ehun bat aldiz baieztatu arren herri hartan euskararik sekula ez zela egin.

Handik 10 bat urtera El Cerco-n zegoen kafetegi bakarrean, arratsalde erdian, porro batzuk egin eta erretzen zeuden hiru gazte euskaraz atzeman genituen eta nongoak ote ziren galdetu ere bai. “Bertokoak, zergatik ba?”. Eta alargunaren istorioa esan nienean ia sinetsi ere ez zuten egin. Beste 15 urte geroago, duela lau, Atarrabiako afari baten 40 bat urteko irakasle artaxoar euskaldun jator bat ezagutu nuen eta hurrengo egunean kuadrilan joan ginen haren jaoiterrira pintxo pote egiten, ostalari euskaldunekin, noski. Zein zonakoa ote da Artaxoa?