Ez dakienaren grazia

17.12.2019 | 14:30

EZ dakit zehazki zein diren espainiar moderatu baten ezaugarriak. Oscar Terol aktore donostiarrari berrikitan egin dioten elkarrizketa irakurririk, ondorioztatu dut hura espainiar moderatua dela ebatzi duen testak antiespainiar muturreko joko nindukeela. Eta ez naiz. Ez anti eta ez espainiar. Lur labainean abiatu da Oscar, auzi identitarioarenean. Berez da zola irristakorra, umorerako baliatu nahi denean batez ere. Badaki hori, eta onartzen du etor dakiokeen kritika oldea. Sarean sumatu dudanez, Terolen elkarrizketak ez dio graziarik egin abertzale jendeari. Batere graziarik ez duela ere askok diote. Niri, zinez diot, beti iruditu zait mutiko jatorra eta komiko ona. Jakina, gai horietan hainbat urtez eman diguten gaindosiarekin oso zaila da guri graziarik egitea.

Oso erraza eta erosoa da, inolaz ere, identitateei uko edo trufa egitea norberarena nagusi denean; Nacionalidad Española dioen NANa koskabiloak erretzeko arriskurik gabe daramazunean sakelan; Espainiar telebistetako edozein formatutako saioetan euskaraz en-tzuten diren hitz bakarrak kale borroka, zulo edo ETA izateak batere erretxintzen ez zaituenean; kate guztietan erruz egiten diren talent showetan kanta bakar bat euskaraz ez izateak azkurarik ere ematen ez dizunean.

"El folclore es un rollo, solo tiene sentido como oposición cultural a otros", esan du Terolek elkarrizketa horretan. Zein identitateren aurka egiten ote dute Luzaideko bolantek eta Arnegiko kabalkadak, auzo-herriak baina bat hegoaldean eta bestea iparraldean egonik? Elkarren aurka ez noski.

Talde bereko beste egunkari batean, beste hau ere esan du Terolek: "¿Sabe qué tienen en común Ibarretxe y Torra? Que se entienden en español, porque es el único idioma que comparten." Ez da egia, biak dira ingeles hiztunak. Baina benetako tristura Oscarrekin euskaraz hitz egin ezinak sortzen dit.