Zirrikituetatik begira

Estatu-kolpea

17.12.2019 | 17:08
columnista juanra madariaga

BEHINOLA Espainiarrek Amerika kolonizatu zuten. Handik hona mundu bazterreko toki luze horrek tragedia politiko asko pairatu behar izan ditu. Estatu-kolpeak tai gabe eman dira, eta horrek sufrikarioa, pobrezia, desoreka, eta umilazioa ekarri dizkie bertako herrialdeei. Zanpatze kulturala, erlijiosoa eta politiko-ekonomikoa ere hedatu dira nonahi. Ustez, herri aurreratu eta indar-tsuenen artean ere eskrupulurik gabeko ekintza diktatorial eta biolentoak ahalbidetu dituzte zenbait gobernuk. Sebastian Piñera presidenteak Txileko populuaren kontra neurririk gabeko indarkeria erabili du herritarron protestak isilarazteko. Horren ondorioz, milatik gorako zauritu eta makina bat hildako eragin ditu bere zapalkuntzak. Baina giro katrastofiko hori beste herrialde batzuetara ere zabaldu da, eta hedabideek fokua jartzen ez badute ere, Bolivian estatu-kolpea eman dute ejertzitoak eta hainbat akolito eskuindarrak, eta Evo Morales presidentea herritik uxatu dute. Horren ondorioz, sarraskiak ez du etenik han. Boliviako herria kalera atera da oinarrizko eskubideak defendatzera, eta aurre egin die militarrei eta egoera hori bideratu duen oligarkiari. Hunkigarria da "altiplanotik", goiko ordokietatik etorritako jende samaldak ikustea, kosta lain kosta, eurena defenda-tzera, direna defendatzera, euren izanaren alde borrokatzera.

Eta beste aldetik, harrigarria da erlijioak hartu duen bat-bateko presentzia eta pisua. Estatu kolpe erlijioso fundamentalista izan da han gertatu dena. Jeanine Áñez presidente autoproklamatu eta ultrakatoliko arrazista, Andeetako etniek erabiltzen duten zazpi kolorez osatutako wiphala bandera, aimaratarren ikur etnikoa, besarkatu beharrean bibliarekin sartu zen Gobernu Jauregian. Irudi lazgarri eta dantesko hori ikusi nuenean, hainbat tokitan irakurri dudan esaldi hori gomutatu nuen tanpez: "Etorri ziren. Eurek biblia zeukaten eta guk lurra geneukan. Eta esan ziguten: Itxi begiak eta otoitz egin. Begiak zabaldu genituenean, eurek lurrak zeuzkaten eta guk biblia". Historia errepikatuko al da?