goiburu zabala bezain erabilia Durangoko azokaren ateak irekiko diren astearen atarian. Kulturaren Euskal Behatokiaren inkestak euskarazko kulturaren kontsumoak gora egin duela aditzera eman digu. Hiru eremu nagusi aipatu dira horrakoan: euskarazko antzezlanak ikustera joaten den jendea, bertsolaritza emankizunen inguruan mugitzen dena eta musikak mugiarazten duena. Azterketaren arabera, ordea, euskaldunek ez dute euskaraz irakurtzeko ohiturarik. Euskaldunen artean euskaraz irakurtzeko ohitura %40ra ez omen da iristen; hiru euskaldunetatik bik ez dute euskarazko libururik irakurtzen; eta bostetik batek bakarrik irakurtzen du prentsa euskaraz. Galdera, betikoa: nola bultzatu euskaraz irakurtzea? Erantzunaren bila aritzeko orduan, kontuan hartu beharko dira, besteak beste, gaur egungo eremu digitalak zer nolako eragina duen irakurzaletasunean, hezkuntza sistema, euskal sortzaileen ekina eta industriak dioena?

Nik, hala ere, anekdotatxo bat kontatuko dut hausnarrean hasteko. Txikia nintzenean, euskarazko libururik eskura ez genuenean, RNEk larunbatetan klasiko handien irakurketa-saioak eskaintzen zituen. Gogoratzen dut, irratiari itsatsita egoten ginela anai-arrebok. Ezin ahaztu, ipuin haiek liburu gisa deskubritu nituenean, nola ireki zi-tzaidan testuaren eta nire irudimenaren arteko mundu berria. Gogoan ditut baita ere, aitak lotaratzean kontatzen zizkigun ipuin eta pasadizoak. Eta nola, ahots hura, hainbeste gozarazi ziguna, liburuetako orrietan aurkitu nahi izan dudan. Eta horretan segitzen dudan.

Irakurzaletasuna bultzatzeko lan-lerro nagusietako bat ahozkotasun lantzea da; bai txikitan, bai ondoren ere. Horretan, gainera, bai ahozko literaturan zein bertsolaritzan tradizio luzekoak gara. Eta gaur egungo teknologiak lagun, aipatu ahozkotasuna edozein literatura genero hurbiltzeko balia daiteke. Liburuak entzunez ezagutzeko aukera eskaintzea aztertu beharko genuke. Zer alde legoke, guk nahi dugun liburu hori, irakurriz goza-tzea edota kaskoak jantzita entzunez deskubritzea?