Mundua hor kanpoan da. Beste mundu bat, gure leihoetatik aldentzen dena, batzuetan ikusiezina dena. Ingurunera joz gero, mendiak, larreak, basoak daude. Partekatzea egokitu zaigun denbora tarte hau artaldeekin, behiekin, etxeko animaliekin bizi dira bertako gizasemeak. Eremu horietan bizi-oinarria sinplea da, eguna urratzen da eta txoriekin batera altxatzen da horren guztiaren jabea dena. Eguna lanean, lurrari atxikirik eman ostean, txoriekin batera doa lotara berriz. Horixe da hor kanpoan ere dagoen mundu urrun bat. Esan genezake azpimundu bukoliko bat dela, apenas ezagutzen duguna, laster, agian desagertuko dena. Izan ere, horren gainetik beste unibertso krudelago bat badago, neurribakoagoa. Inperialismoen mundua, makroekonomiaren mundua, gerren mundua, egoismoen mundua, boterea lortzeko burutzen diren politikarien azpijokoen mundua, hilketen mundua. Gain-mundu hori ere kapritxoa da botereak loarazten eta tenteltzen dituen gobernari lerdo askorentzat. Harrigarria da, adibidez, munduko potentzia handienetako baten etorkizuna izokin koloreko azala duen Trump groteskoaren eskuetan egotea. Bere mezuak oso zuzenak dira, beste guztia bost axola zaio. Gezurrez beterik du ahoa, esperpentoa haizatzen du, eta gezurrak esaten baditu jarraitzaile gehiago lortzen ditu, faltsukerietan murgiltzen bada are gehiago, lotsagarrikeriez aritzen bada, biba! Bere diskurtsoak, pantomima hutsa direnak, boto emaileei kilikiak egiteko erabiltzen ditu. Eskrupulurik gabeko bere mezuak nazkagarriak dira, ezin onartuzkoak, zikinak. Intolerantzia sustatzen du, arrazismoa eta xenofobia berdin zaizkio bera lehen arrazista delako, emakumeak iraintzen ditu, bai eta hegoamerikarrak ere bortxatzailetzat, narkotrafikantetzat hartzen dituenak. Trump lerdoa da askorentzat, baina batez ere piromano hutsa da. Mundua erretzen ari da. Eta bere kontra altxatzen den guztia su horretan erreko du. Egunotan hipnotizaturik dauden biztanle ba-tzuek berriz presidente aukeratu ahal dute berari botoa emanez gero. Historiaren ibilbidea ez dadila berriz oker, mesedez.