paper bat behar nuen. Ziurtagiri bat, Gizarte Segurantzak egin eta zigilatu beharrekoa. Estatuaren mendeko erakunde horrek Iruñean duen egoitzan, ordea, hitzordurik ematen ez urtarrilaren bukaera arte. Presak akuilaturik, Donostiako auzo bateko bulegoan hitzartu nuen zita. Alferrik. Ez zidaten papera egin eta, gainera, erdaraz artatu ninduten. Hamar egun geroago, Donostian ezinezkoa izan zitzaidana Tafallan moldatu nuen, zorioneko ziurtagiria lortuta. Euskaraz egin nuen kudeaketa, ongi, eroso, parean suertatu zitzaidan fun-tzionarioarekin. Bizirik balego, 100 urte beteko zituen gaur gure aita zenak. Versaillesko Ituna indarrean sartu eta hamar egun geroago sortu zen Iruñean, hiriak harresiak eraitsi zituen urtean. Alfonso XIII.aren monarkia ezagutu zuen. Errepublika. 16 urte zituen gerla piztu zelarik. Ihesa. Zortzi urteko erbestealdia, Iparraldean eta Belgikan. 1944an itzuli zen, deus gertatuko ez zi-tzaiolakoan. Mirandako kontzentrazio esparruan sartu zuten, bi urtez. Berriz ere Iruñean, lanean hasi zen lehengusu baten enpresan. Gure ama Lizarran ezagutu zuen, bere amaren herrian. Seme-alabek apaldu zioten militantzia politikoa. Ikastolen sorreretan ibili zen. Euskaraz egin zien beti bere haurrei. Esperantzaz bizi izan zituen Francoren heriotzaren ondoko urteak; apur bat etsipenez, geroagokoak. Maiz eztabaidatzen ginen elkarrekin. Hark zuri eta nik beltz. Elkarrengana hurbiltzen hasi ginenerako hil zen, duela 31 urte. Ez zuen Berlingo murrua erortzen ikusi, ezta ETAren desagerpena ere. Egun, gauza franko madarikatuko zituen, eta bertze batzuk benedikatuko. Flipatuko zuen ordenagailuekin, euroarekin eta mugikorrekin. Baina bereziki, biloba tropa beren artean euskaraz entzunda flipatuko zuen. Segituko genuen ika-mikan, hark beltz eta nik zuri. Eta umore txarrez sumatuz gero, Tafallakoa bezalako pasadizoak kontatuko nizkion, umore onez jartzeko.