atuak hazkura eragin du. Azkeneko asteetan, pandemiak etxean atxiki gaituen egunetan, ETB1ek audien-tzia tikiagoa izan du Euskal Autonomia Erkidegoan 13TV fatxa tzarrak baino. Hau ustekabea. Euskaldunok urteak daramatzagu euskarazko telebistari bizkarra ematen, eta horrek inor guti kezkatu du oraintsu arte. Joan den mendeko 90eko hamarkadaren bukaeratik hona ikusleak etengabe galdu ditu ETB1ek. Egia da, lehiakideak ugaritu zaizkio. Telebista kate berri aunitz sortu ez ezik horiek eskuratzeko aukerak ere biderkatu dira. Ikus-entzunezko produktuak kontsumitzeko modu berriek ere ikusle gazteenak aldendu ditu ohiko telebistatik. Gainera, 2010eko krisiaz geroztik, diru murrizketek hozka egin dute telebista publikoen kontuetan. Nolanahi ere, horrek guztiak ere balio behar zuen ETB2rendako eta, hala ere, haren audientzia ez da duela 20 urte baino hagitzez urriagoa. Misterioaren giltza ez da urruti bilatu behar. Euskal Telebistak kate erdalduna indartuz eta euskalduna ahulduz eran-tzun dio etorri den desafio berri bakoitzari. Sistematikoki. ETB2, gaur egun, kate estandar bat da, bere eremuko publiko zabalari mota guztietako produktuak eskaintzen dizkiena. Haren ondoan, ETB1 senide herbala dugu, lehengusu bordaria. Aurrekontu zeken baten mende, maila kaskarreko eta interes urriko ekoizpenetara ohitu gaitu, betegarri hutsetara. Hainbertzeraino non, merezi duten gauzak egiten dituenean ere, oharkabean joaten baitira. Euskararen normalizazioaren aldetik, haren ekarpena hutsa bilakatu da, hain nekeza baitu bere burua bertan islaturik ikustea gaur egungo euskaldun ikasi hiritartuak. ETBrena eskandalu bat da, aspaldi; baina bertze eskandalu bat da kontu honi delako euskal munduak erakutsi dion ezaxola; akademikoetatik hasi eta barrikadazale hiper mega erreibindikatiboetara. Orain, lotsaren lotsaz, manifestuak dabiltza sarean. Ez ahal da berandu izanen.