aurko egunez, Santo Tomas egunez, "txitxiburduntzi" egiten genuen ikastolan. Irakasleek sua egiten zuten patioaren izkina batean eta, ikasleok, makila fin bana eskuetan, puntan txorizoa jarri eta sutan izaten genuen, harik eta ogi artean sartu eta ahoratzen genuen arte. Orduan ez genekien beldurra zer zen. Ez genuen erretzeko beldurrik. Ohiturekin jarrai-tzeari genion errespetu (eta txorizoaren zapore goxoari), eta horrek bateratzen gintuen.

Aurten ez da, ez horrelakorik ez bestelakorik izango. Etxeko zartagina jarri beharko dugu dantzan eta sukaldearen zokoan, erdi ezkutuan, jan beharko txorizo mutur gorria.

Aurten ez dakigu, ezta ere, Olentzero ikusiko dugun. Kalean ibiliko den edota telematikoki bere etxera hurbildu beharko dugun. Musukoa jantzita izango duen eta, hala bada, pipari nola eutsiko dion. Ez dakigu opariak biltzen aritu ahal izango duen. Ezingo dizkigu eskura eman. Eta ezingo ditu euskal lurralde guztiak bisitatu. Ezingo du musurik banatu, ez eta kantuan aritu. Ez dakigu gutunik bidali ahal izango diogun, eta ez dakigu gure desioak nori eta nola jakinarazi.

Whatsappez idatzi beharko diogu. Lainoen azpitik eta sasien gainetik abiatzen diren uhinen bidez.

Nik, paperean biltzen ez diren bi opari eskatuko dizkiot. Bata, beldurra kentzeko gure gainetik. Eta, bestea, buru pixka batez jokatzen erakuts diezagula, edo solidaritatez, edo gizarte kontzientziaz, edo dena delakoaz, txertoa banatzen hasten zaizkigunean, denok har dezagun, aldamenekoa erortzen ote den begira gelditu gabe. Zeren eta beldurrez jokatzen duenak, bestearen osasuna eta askatasuna jartzen baititu arriskuan. Txertoaren beldur edo mesfidati den gizartearen %40ak, gainontzeko guztien bizitzak baldintzatuko baititu.

Aurten, Olentzerok ez du zakurik behar izango. Ez du ikatzik banatuko. Baina urte malapartatu hau sutaratzeko eskatuko diogu, erretzeko beldurrik gabe. Aurtengoan ere ohiturei fidel izan beharko gatzaizkio, mamuak eta koldarkeria uxatzeko.

Ea horrek bateratzen gaituen.