enak arnasten du politika. Edozein erabakia politikaren mendean hartzen da. Denak ditu kutsu politikoa, behialako zaporea, sitsak jandako denbora zaharraren usaina. Munduak aurrera egiten du teknologia eta modernitatearen estandarte pean, eta politikaren hegemoniak sasi iraultzaren kontrako norabidea hartu du berriz. Ultra-eskuina gero eta presenteago dago albiste eta telebista guztietako hizlari burmuin eskasekoengan, ekimen denigranteetan, xenofobia eta arrazismo nabarmenena ere agerraraziz.

Berdin zaie zein esparrutan den, kontua da askatasunaren hegoak moztea, ezberdintasunari atea ixtea, pentsamendu bakarraren ideia modu bortitzean hedatzea.

Hemen, Euskal Herrian, eten gabe pairatzen ditugu guk gure nortasunaren, gure kulturaren kontrako erasoak. Eta zer esanik ez, gure hizkuntzak. Agitu den azkena ez da kanpotik etorri, ez da Espainia atzerakoiaren atakea izan. Irunen gertatu da, eta hizkuntz ofizialaren kontra eratu da.

EAEko Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi du Irungo Udalaren euskara eskakizuna Udaltzaingo zerbitzurako. Justizia banatu beharrean, ildo politiko argi bati laguntzen diote magistratuek euskararen kontra jarduten dutenean. Argi dago legearen zirrikatuetan arakatzen dutela pitzadura judizialaz baliatzeko, eta alde bakarreko diskriminazioa egon daitekeela baieztatzeko, eta berma-tzeko. Eta hori ez da zilegia.

Azken boladan, epaitegiek berebiziko protagonismoa hartu dute euskaldunok ditugun eskubide linguistikoak murrizteko eta hizkuntza bera zokoratzeko, euskal hiztuna umiliatuz.

Altxor gisan ikusik beharrean armatzat hartzen dute euskara, eta euskalduna beti irteten da galtzaile. Bereziki mingarria da Nafarroan gerta-tzen dena. Han ere euskara ikasteko trabak jar-tzen dituzte bertako gobernariek. Orain, Nafarroako Gobernuak Iruñeko Udalak baino plaza gutxiago eskaintzen ditu euskaraz ikasteko eta ondorioz, makina bat familia plazarik gabe geldituko dira beren haurrentzat. Euskara hizkuntza gutxitua den heinean, gutxietsia izango da beti, eta duen handitasuna txikitzen saiatuko dira, tai gabe.