apitalismoaren etxea defendituko dut. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreiaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire kapitalismoaren etxea. Poema baten hasiera ote? Izan liteke, baina ez, kasu honetan, kapitalismoaren airea egunero arnasten duten diruaren poeten lema loriatsua da, zalantzarik gabe.

Espainiako Bankuak hitz egin, eta honakoa esan du: gutxieneko soldataren azken igoera kaltegarria da ekonomiarentzat. Kitto. Horixe dio modu ziniko eta ia sarkastikoan, entitate horretako gobernariak, ia 200 mila euro urtero kobratzen dituenak. Trufa ematen du, ezta?

Bada, ez. 950 euro hilero kobratzeak kale egiten dio ekonomiari, baina banketxeetako, enpresa gosetietako eta multinazionaletako zuzendari, ordezkari eta presidenteek hilero poltsikoratzen dituzten sos kantitate grotesko horiek ez diote inolako minik egiten ekonomia idilikoari. Ez, horiek sendotu eta goratu egiten dute gure kapitalismoaren esperpentoa. Eskertu beharko diegu, gainera.

Espainia omen da Europako laugarren ekonomiarik sendoena, baina bertako langileek etxeratzen duten gutxieneko soldata ez dago laugarren posizioan. Ez, hainbat postu atzerago dabiltza zenbaki horiek, baina halarik ere, txitxarro gorbatadun humanoide horiek diote, langile xume batek kobratzen duen apur hori kaltegarria dela ekonomiaren osasunarentzat. Asto kirtenak!

Gogoratu behar da Banku horrek ia 60.000 milioi oparitu zizkiola bankari, krisialdiaren erdian ahuleziatik atera-tzeko eta suspertzeko, gerora betiko galdutzat eman direnak, eta inondik inora errekuperatuko ez direnak.

Diruaren gobernantek, IBEX inguruko enpresetako nagusiek diote praktikatzen duten ekonomiarako babesgarriak behar dituztenez, ongizate-estatuaren defenda-tzaile sutsuak izango direla. Koherentzia osoarekin diote gainera, inolako eskrupulurik gabe. Baina lasai, zu ez zaude ongizate-estatuaren barruan, hori haien kontu pribatua da. Zeuk egunero segitu beharko duzu oihan honetan borrokan, prekarietatez inguraturik, gutxieneko soldata kaltegarriaren xerka.