txeko gazteenak batxilergoa bukatu duenean, ezin izan dut ekidin atzera begiratu eta ni neure eskola egunak gogora ekartzea.

Materia baino areago, ekiten erakutsi zigutela esango nuke. Historia gutxi eman ziguten, Euskal Herrikoa ikasi behar baitzen eta ez Espainiakoa. Geografia ere, hurbilekoa bakarrik. Eta natura, gure eskura zegokeena... Baina bai ideia bat sartu zigutela: ekin eta ez etsi. Etxean beste era batera irakatsi zidaten: zu ahalegindu, eta ateratzen bada, urrats bat gehiago; ateratzen ez bada, ahalegindu izanaren poza izango duzu. Ondoren, ostera, beste ideia hau txertatzen zitzaion lehenengoari: gauzak erdibidean ez inoiz utzi, hasten duzuna, bukaeraraino eraman. Beraz, silogismo ariketa gehiegirik ez da behar, hasten duzun oro burura eraman behar dela ideia sartu zigutela ulertzeko. Ekintzaileak eta konprometituak izaten, alegia.

Hala ere, egiteko modu horren filosofian ere badira salbuespenak. Gogoratzen dut, adibidez, antzerkia lan kolektiboa dela esaten zigutela. Guztion artean sortu beharreko taularatzea. Eta emaitzaren fruituak guztion artean dastatu beharrekoak. Praktika bestelakoa zen, ordea: gure taldean batek antzezlanaren gidoia idazten zuen, antzezleen elkarrizketak ikasten, entseguak kudeatzen eta taularatze egunean, musika jotzen. Hau da, batzuek, rol bat baino gehiago jokatzen zuten "guztiona zen taularatze" hartan. Eta txaloak guztiok jasotzen genituen, nahiz eta guztiok ez genuen lan bera egiten eta obra ez zen, bada, guztion lanaren emaitza.

Orain, "handitan" ere, gauza bertsua gertatzen da. "Guztion" lana dela esaten denean edota "guztiok" parte hartu dugula, ez da guztiz horrela izaten. Badira, batzuk, edozein ekimenetan ere, rol bat baino gehiago jokatzen dutenak eta "guztion" ordezkaritzapean ari direla esaten dutenak. Lorpen handia da "guztiok" ekiteko eskubide bera izatea eta, noski, baita erabakitzekoa ere. Bizi dugun mendeari dagokio, ordea, parte hartzea benetan "guztiona" izan dadin lortzea, ez bakarrik "guztion izenean" rol banaketan iaioak direnena.