alamancan ikasten ari nintzela, Soziologia irakasleak gazteriari buruzko jardunaldiak antolatu zituen. Hori ibili ginen hitzaldietan adi eta apunteak hartzen, bagenekielako azterketan zerbait sartuko zuela zorroztasunagatik ospea zuen irakasle hark. Egun batean nire ondoan zegoenari begiratu, famila aberats ezagun bateko kumea, eta pentsatu nuen biok hemeretzi urte izan arren, eta hizlariak esaten zituenak esan arren, ikaskidearekin lotzen nindutenak (adina, ikasketak) zirkunstantzialak zirela erabat. Gainerakoei begiratu nien. Argi zegoen batzuekin ez nuela zerikusi txikienik (ezta zerikusi txikienik izan nahi ere). Gazteak ginen, bai, baina beste guztia? Gazteak hau eta gazteak hori segitzen zuen hizlariak. Edozein talderi buruzko baieztapen orokorrak zalantzan jartzen hasi nin-tzen une horretan. Handik aurrera euskaldunak hau eta euskaldunak hori, gayak hau eta gayak hori, gasteiztarrak hau eta gasteiztarrak hori, adinekoak hau eta adinekoak hori guztiak mesfidati entzuten ditut.

Gazteak arduragabeak dira litroak egitera doazelako. Gazteak arduratsuak dira txertaketan izena azkar ematen dutelako. Bai eta ez. Agian "gazteak dira lan prekarietatea gehien jasan behar dutenak" baieztapenarekin bat etor naiteke. Hala ere, hala ere... "gazte asko" edo "gazte gehienak" gaineratuko nuke. Oso lankide gazteak izan ditut aurten.

Gasteizko aireportuko kafetegian ilara egiten ari naizela, ahots bat entzun dut, "profe" ozen bat, "pgofe" zehazkiago. Ilarakoak begira ditut nire lotsarako. Nire ikasle ohi bat dago barraren bestaldean, gazte afrikar bat. Musukoa badarama ere, badakit irribarrez dagoela begi handi irekiengatik, aurpegiera ezagutzen diot. Iritsi bezain laster zer nahi dudan, nola nagoen galdetzen hasi da, sakelakoan seme jaio berriaren argazkia erakutsi dit. Lanean zer moduz doakion galdetu diot, pozik dagoen, moldatzen den. Oso-oso pozik eta lasai esertzeko, berak, ekarriko didala eskatutakoa.

Uda bukatu eta Gasteizko aireportutik ateratzen diren hegazkin kopurua gutxituko da. Kafetegian lan askorik ez da egongo.