Zirrikituetatik begira

Ingurumenaren jagoleak

13.08.2021 | 00:40
Ingurumenaren jagoleak

Suediako lehen ministroa zen Olof Palmek Iparraldeko Kontseilua bildu zuen duela ia 40 urte Europako Iparraldeko basoen egoera kaxkarra eta okerrerako bilakaera ikusita. Euri azidoa zen arazoa eta kalte eragile nagusia, Erresuma Batuko industria astuna. Erregai fosilen konbustioak eragindako gas multzoak eguratseko hezetasunarekin bat egitean sortu eta lau haizeetara jotzen zuen. Iparraldeko basoetan nabarmenak ziren ondorioak, hainbat txosten eta argazki beldurgarriak lekuko.

Kontu hau lehenagokoa da: 1963an Gene Likens-ek New Hampshire-ko (AEB) Mendi Zurietan jasotako euri lagin ugariek uste baino 100 bider azidotasun handiagoa erakutsi zuten. Datu hauekin Ameriketan zein Europan egindako ikerketek agertu zuten gizakion jardunari zegokiola kutsadura; ez zela lurrikarek edo sumendi erupzioek eragindakoa. Gizakiona zen –eta da– konponbiderako neurrien erantzukizuna.

Halere ez daukagu urrunera joan beharrik. Erandioko herritarrei entzun izan diegu sasoi hartan ezin izaten zutela oihalik eskegi leihoetan, zulatzen eta alperrik galtzen baitziren azidoaren kausaz.

Erregai fosilen konbustio-aurreko tratamendu berriei esker euri azidoaren arazoa konpondutzat ematen zen arren, neurririk bako kontsumoak ekarritako kalteak areagotu baino ez dira egin. Aldaketa klimatikoa deitzen diogu duela 60-40 urteko hautsetatik datorkigun lokatz honi. Baina orain askoz gehiago –eta gehiagok– dakigu. Hori bada zerbait. Gorputza hartu dute kutsaduraren efektuak globalak direla dioten iritzi eta frogek. Badakigu, baita ere, muturreko gertakizun atmosferikoak ez direla amaitzen kutsatzaileen ingurune hurbilean.

Arazo globalek neurri bereko jardunak eskatzen dituzte. Europako eta mundu mailako gobernuek zein botere judizialek eta legegintza-erakundeek erantzukizun handia dute. Baita gutariko bakoitzak ere. Kontsumo ohiturak berrikusi, jardun ekonomiko eta finantzarioak egokitu, lege-tresnak zorroztu... denok eta denetik egin behar dugu, denok baikara ingurumenaren jagole.

noticias de noticiasdenavarra