Zirrikituetatik begira

Ergelak

01.09.2021 | 00:38
Ergelak

ni ere argindarraren fakturari begira gelditu naiz. Ordaindu beharrekoari, bai. Baina gero, paperean esanahi ezkutuen bila tarota bera izango balitz bezala, azken urtean kontsumitu ditudan kilowatt guztietan galdu naiz. Ondo aztertu ondoren, ikusi dut maiatzaren 21etik ekainaren 21era oso-oso gutxi kontsumitu nuela. Zergatik? Zertan nengoen ni? Hiru kolore ditu denbora-tarte hori zehazten duen grafikoak, polita edo, urdina, berdea eta gorrixka, egun horietan hasi baitzen faktura puntako ordu, ordu lau eta haraneko orduen arabera antolatzearen zoramen hura. Zer egin nuen nik maiatzaren 21etik ekainaren 21era? Ez nuen ordenagailurik piztu? Labea geldirik egon zen? Harrigarria, hurrengo denbora-tartean, ekainaren 21etik uztailaren 21era aurrekoaren hirukoitza gastatu nuela dio grafiko koloretsuak. Dena piztuta izan nuen etxean? Saiatzen naizen arren, ez dut gogoan aldaketa handirik nire bizimoduan hilabete horietan.

Fakturak berak badakar non galdetu, non egin erreklamazioak, baina beldur naiz ez ote diren azken finean argindarraren konpainiaren alde izango fakturan agertu zaizkidan desoreka zoro horiek. Enpresek ez dute inoiz galtzen. Eta ez dute inoiz galduko dauzkagun agintariei entzuten badiegu: ez daude prest ezer egiteko, noizbehinka enpatia faltaz botatzen dituzten sermoitxo horiek kenduta. Enpresak negarretan egongo dira lotsagorriturik.

Bestalde, erreklamazioa aurkezten badut, ergela deituko didate gauzak ez ulertzeagatik, ez dakidalako nola kudeatu nire kontsumoa, oraindik ez dudalako ikasi noiz den mendi punta, noiz harana, noiz lautada. Izan ere, diruaz, diru faltaz edo soldata txikiez ez hitz egiteko sistemak duen azken estrategia da jendeari ergela deitzea: ezin duzu faktura ordaindu ergela zarelako, bestela prezioak elkarrekin alderatu, eskaintzarik onenak aukeratu, aurreztu eta askoz hobe biziko zinateke. Txarrena da guztiok geureganatu dugula jarrera, eta ergela deitzen diogula elkarri azken pagotxa ez aprobetxatzeagatik, lehia etengabean ea nor bizi den merkeago. Ergelak, banan-banan. Eskerrak erretiratuen mugimendua bizirik dagoela oraindik taldean zer egin daitekeen erakusteko.

Más información

noticias de noticiasdenavarra