rakurri dut ezker abertzaleko kide esanguratsu batek esan duela udako jaietan (edo ez-jaietan) gertatutako istiluak neoliberalismoak ezarritako ereduaren ondorio izan direla. Burua lekutan eduki behar da, gero!

Edozer justifikatzen dute eurek sortu baina lotu ezin dituzten basakristauek egiten dituzten barrabaskeria guztiak ez zuzentzeko. Okasiotsu batzuk elkarraraztea nahikoa da gizartea hankaz gora jartzeko. Alferrik da gizarteko kide gehienok pandemiari aurre egiteko neurriak hartzea eta besteen osasuna ahalik gehiena zaintzea. Haiek euren buruarentzat eskatzen duten guztia hurkoari ukatzen diote. Horixe elkartasuna!

Jakina, horrelako doktrinak eta jarrerak zabaltzen direnean ez dakigu noraino hel daitezkeen. Haiek beti hizpidean. Halandaze, azken asteburuan jazorikoak ez gintuzkeen harritu beharko: banako ondikozko batzuk inoren basoan sartu dira, landatu berri ziren eukalituak erauzi eta bertako zuhaitzak landatu. Horrek dauka meriturik!

Non zeuden haiek fusariumak Bizkai-Gipuzkoetako pinadiak akabatu zituenean? Haiek ordainduko dizkiete galerak baso-jabeei? Zer iritziko liokete inor haien etxean sartuko balitz eta argindarra kenduko balie energia hori kutsagarria izateagatik? Ala kandelekin bizi dira?

Haien ideiek haien ekintza guztiak zuritzen badituzte, haien gogoa nagusi eta eztabaidaezina bada beste guztienen gainetik, orduan haien gogaide ez direnak hutsaren hurrengo zaizkie. Eta hortik aurrerako guztiak erraz asma daitezke; zoritxarrez, mundu zabalean ale gehiegi daukagu horren erakusgarri.

Horrelako gizabanakoek ez badute mugarik haien asmo-gogoak besteei irentsarazteko, haiek egiten dituzten astakeriak inork ez badizkie ordainarazten, noraino hel daitezke?

Izan ere, demokraziak ez du funtziona-tzen gizarteko kideok onak garelako, ezpada badakigulako jakin arauak ez errespetatzeak zigorra daukala; bestela, inpunitatea, zigorgabekeria, nagusitzen da eta inoren errespeturik ez dutenek edozer egiten eta egingo dute.