Zirrikituetatik begira

Gasnifikazioa

03.03.2022 | 00:39
Gasnifikazioa

Ukrania. Ukraina. Ukraina. Duela gutxira arte ez genekien Europako sare geografikoan herrialde hori ondo kokatzen, eta orain argi gelditu zaigu bere tamaina eta bere lokalizazioa. Oso argi ez daukaguna da zernolako herrialdea den Ukraina, zein den bere historia, eta nolakoa den politikoki.

Datu historikoak edozein tokitan irakur daitezke. 1991ean, Ukrainak independentzia erreferenduma egin zuen eta emaitzek kondizio hori eman zioten. Geroko hauteskundeak egin osteko presidenteek Errusiarekin lotuago edota deslotuago egoteko ahaleginak egin zituzten. Protesta asko izan ziren herrian Europar Batasunaren besapean egotea eskatzeko. 2014an hasi ziren bertako liskarrak Donbass eskualdean, gaur egun arte eten ez direnak, hortaz gerra hasita zegoen Ukrainan. Duela urte batzuk, Volodymyr Zelenski presidente hautatu zuten eta bakea ezartzeko ahaleginetan hasi zen (ez asmo onez beterik). Kontua da duela urte bi beste elementu bat atera zela liskarren erdira: gasa. Eta gasarekin batera beste interlokutore bat: AEB.

Bai, Errusiatik dator ia Europa osoak kontsumitzen duen gasa. Gas hori gabe AEB (gas ekoizlerik handienetako bat) aberastu egingo da. Izan ere, horixe da herrialde horrek egingo duen negoziorik handiena, Errusiak baino ia bi aldiz garestiago salduko baitio Europari. AEBk Qatar herriarekin harreman ekonomikoak indartu zituen inbasioa hasi baino lehen (Qatar munduko ekoizlerik handiena da gas natural likidotuaren esparruan)

Horren ostean AEB Errusiari muturreko zigorraldiak ezartzearen alde agertu zen lehen herrialdea izan da, eta atzetik, nola ez, EB. Eta dena gas errusiarraren kontra. Argi dago globo urdin honen barruan lidergo berria eskuratu nahi duela AEBk, Txina-Errusia bikote boteretsuaren aurrean.

Eta beste datu kurioso bat: Ukrainak Errusiatik datorren gas-hoditeriak baditu bere lurraldean, eta gas horrek bere bidea egiten segitzen du; hots, ez du moztu Europara doan gasa, eta hein batean, bere arerioa finantzatzen ari da.

Desnazifikazioa edo gasnifikazioa?

Más información

noticias de noticiasdenavarra