erandu jakin dut Erromako aita santuak joan den igandean Errusia eta Ukraina eskaini edo sagaratu (ez dakit zein den hitz egokiena) dizkiola Andre Mariaren Bihotz Garbiari (zenbat letra larri!). Nik ez dakit inoiz zer pentsatu gauza horien aurrean: fededunentzat kontsolagarriak eta eraginkorrak izango dira ziur aski, eszeptikoentzat ekintza alferrikakoak edo, asko jota, bitxiak. Gehiago irakurri dut "eskaintza" horretaz eta harritua gelditu naiz jakitean dena Fatimatik datorrela: badirudi Andre Mariak artzain txikiei eginiko errebelazioen artean bazela bat Erromako aita santuari eskatzen ziona Errusia Andre Mariaren Bihotz Garbiari eskaintzea, baina Erromako Aita santuek ez dutela inoiz eskaera hori behar bezala bete, arrazoi politiko eta erlijioso korapilatsuak tartean zuedelako, eliza ortodoxo errusiarra ez gogaitzea, adibidez. Lasai, niri ere kostatu zait dena ulertzea.

Aita santuak adierazi du eskaintza edo sagaratzea ez dela magia bat, ekintza espirituala baizik. Ez dakit zer pentsatu. Beste batzuek uste dute sinadurak biltzen dituen plataforma horietako batean bonbardaketak gelditzeko eska-tzea eta bakearen alde sinatzea eraginkorra izan daitekeela. Ez dakit non dagoen magia gehiago. Monasterio budistetan bakearen aldeko mandalak egiten ibiliko dira. Dena behar izango dugu; hala ere, nik betiko diplomazian (baita Vatikanoko diplomazia ospetsuan ere) konfiantza handiagoa dut. Berdin zait nor dabilen, Erromako Aita santua edo Turkiako presidentea edo Nazio Batuen idazkari nagusia, telefono deiak egiten edo txostenak prestatzen. Pentsatu nahi dut Ankarako bulego diskretu batean funtzionario ukrainarrak, errusiarrak, turkiarrak eta auskalo nongotarrak eztabaidatzen ari direla oraintxe bertan "gaitzetsi" edo "arbuiatu" jarri behar den hirugarren paragrafoan eta laugarrenean dagoen "beraz" horren ordez puntu eta koma egokiagoa den. Pentsatu nahi dut laster Ankarako Protokoloa edo Helsinkiko Ituna deituriko zerbait izango dugula. Baina beharbada nire pentsamendu horietan ere magia gehiegi dago.