2025ean ikusi ditugunak ikusita ez genuen itxaropen handirik 2026 honetarako. Hala ere, dedio, zer sarrera urte berrian. Ustekabea? Batzuendako bai. Joan den astean berean sarean argitaratutako artikulu batean,euskal iritzi-emaile ezagun batekxehe-mehe azaldu zuen “zergatik Estatu Batuek ez dioten Venezuelari erasorik eginen”.
Errusiari, Txinari eta Irani esker erregimen bolibartarraren eskutan dagoen armategiaren beldur, nonbait, Etxe Zurian. Alabaina, igande goizaldean arma horiek isilik egon zirenCaracasen, eta ez dirudi isilarazleak inbaditzaileak izan direnik.
CIAren sator batek,Maduroren inguru hurbil-hurbilean kokatuak, gertakarietan izan duen aparteko garrantziaz ahoan bilorik gabe mintzatu dira estatubatuarrak. Orduak iragan arauz hedatzen ari diren berriek ere sendotzen dute Chavismoaren sektore batek operazioarekin izan duen konplizitatearen susmoa. Orain, lehendakari bahituaren bigarrenak gidatuko du herria, Trumpen begirada zorrozpean.
Prestu jokatzen badu barkatuko dizkiote gaizki eginak; gaizki portatzen bada, erran nahi baita, Venezuelako ondasunak, petrolioa eta gasa bereziki, nagusi berrien eskutan uzten ez baditu, Chavezen ondorengoarekin partekatuko du ziega Manhattango presondegian. Demokrazia? Ikusiko. Oraingoz, Mendebaldeak babestu duen oposizioak itxoin beharko du, Trumpek horrela erabakita.
Zenbaiti jarri zaien ergel aurpegia, horra egun hauetako gertakariek utzi duten pozgarri bakarra. Madurorengatik negar guti eginen dut, Saddam Husseinengatik edo Kadafirengatik egin ez nuen bezala. Putakume handiak putakume tikia ezabatu du behin berriz, bertzerik ez. Nazioarteko legeria? Osasun hobeagoko elbarriak ibiltzen dira aspaldi munduan barna. Berritasuna da hura nolako lotsagabekeriaz urratzen den orain.Venezuelakoa, eskola polita Putinendako eta Xirendako. Hurrengoa non? Ea, apustu.