ez da bakarrik Sánchez mutikotearen harrokeria, bere neurrigabeko konfiantza esku-jokoekin, hor dago PSOEren azkeneko fakea Podemosen negoziazio proposamenaren gainean egina, hasierako proposamen huts zena exijentzia bihurtu eta filtratua. Ez da bakarrik zein den PSOEren programa ezkertiarra, era ia hobeezinean laburtua CEOEren mesfidantzaren zioan Podemosen eskuetan ez uzteko Lan ministerioa. Ez da bakarrik PSOEk bere aise gobernatu nahi duela itunkideak gehienez jota GKE gisa tratatuz, hots, ultraliberalismoaren eredura joz: enpresa handien harrapakeriek sorturiko giza kalteak konpontzeko GKE deiturikoak, enpresa handienenak preseski askotan, elikatuz.

Ez da hori guztiori bakarrik, bada horrezaz gain eta funtsean Sanchezek estakanobismoa duela espainiar estatu eredu (ez nahasi Stakhanov sobietar langile amorratu harekin, Sanchezek ez dakielako ezer lan beharraz bere asmoak aurrera ateratzeko, bere esku-jokoak eta itxurakeria lerdena aski izanen balitu bezala). Estakanobismoa Canovasen estatu eredua da, 1874ean bere ezpatatzar Martínez Camposen eskuz I. Errepublikaren aurka eginiko estatu kolpearen bidez ezarria, hiru ardatzen inguru: 1) bipartidismoa, 2) konstituzio guztiz maneiagarria txandakako gobernuen beharren arabera eta 3) monarkiaren ahalmen politikoa gobernuak aldatzeko, gobernu berriak antolatuz hauteskundeak aldez aurretik monarkak aginduriko alderdiak irabazi zitzan. Luze gabe sartu zen krisian sistema, 1897an hain zuzen, Cánovas estatu gizona Angiolillo anarkistak hil zuenean Arrasaten. Dena dela, luze iraun zuen kanobismoak etengabeko krisiak jasan bazituen ere, larriak guztiak, harik-eta Primo de Rivera Patria-salbatzailea erregeak berak ezarri zuen arte diktadore gisa, bai monarkiak, bai bipartidismoak, bai konstituzioak berak erreka joz. Baina oi, historiaren lezio alferrak!

Ez gaude, jakina, egoera berean: ez dira batere aurreikusgarriak krisi haien aurkako molde haietako protestak, Espainia incivil aurreko gaurko protestak zibikoak dira zorionez, baina gaurko sistemaren krisiak erro berdintsuak ditu: bipartidismoaren haustura herritarra, konstituzio guztiz ezegokia arazoei aurre egiteko, sistema politikoarekiko gero eta desatxikimendu zibil zabalagoa (ez bakarrik Herri Katalanetan, Euskal Herrian eta Galizian, Espainiaren barnean ere bai), erremedio-saio militarren ordez justizia erakundeetan oinarritzeko nahi antidemokratiko gizalegegabea, goi mailako epaitegietan epai alderdikoien izendapenak?, zenbatezinak arazoak. Horren guztiorren aurrean Patria-salbatzaile gisa agertzeko apustua egin du Sanchezek, bipartidismoari eutsiz, estatu ereduaren immobilismoari hortzekin atxiki nahian, unidad de des(a)tino en lo universal primorriberatar hura lehenetsi.

Batek daki zenbat iraunen duen estakanobismo honek, batek daki Sanchezek betetzerik izanen duen garai haietako Sagastaren funtzioa, baina begi-bistakoa da halako irrealismo magiko mota batek bizi duela gaur Sánchez, bere hautuko Espainiak ez duela etorkizun demokratikorik.