Horixe du Europak mundu osoa konkistatu izanak. Eta “zibilizatu” izanak. Orain, zibilizaturik eta ikasia, Europara dator kolonia zahar haietako hainbat eta hainbat jende. Eta gu haien beldur, haiek bezain beldur europarrak hara joan ginenean.

Inperio konkistatzaile haiek, barka iezadazue erredundantzia, aro anitzetakoak, Ertaro amaieratik XX. mendeko II. Mundu Gerra arte, portugaldarrek, gaztelarrek, holandarrek, britainiarrek, frantsesek?, mundu osoko basatiak zibilizatzera joanda, garaian garaiko armarik modernoenak, inperio bakoitzaren hizkuntza, erlijioa, kultura, mundu-ikuskera, garapena ezartzera joanda, “Zibilizazioa” inposatu zuten. Genozidio anitz nahita prestaturik, ber-tze batzuk alboko “onurek” induziturik, ekintza humanitario epiko bezala ulerturik: gizaki eredu bakar, europar, zuri, arraza onekoaren bila zebilen humanitarismo supremazista.

Denetariko jendea joan zen: militarrak, merkatariak, zientzialariak, teknikariak, misiolariak, alfabetatzaileak, etnologoak, Europako lurretan kondenatuak, lapurrak, gaizkileak, masa txiroak? Lortu zuten neurri batean urruneko lurralde haiek zibilizatzea, bertako jendea ordezkatu edota haien odolarekin nahastea, baina akabo epika hura XIX-XX mendeetan: zibilizazioak konkistaturik, urruneko herrialde haietako jite berriko biztanleek, han bertan zibilizatuek, euren estatu egitura propioak sortu zituzten Europa zaharreko ereduei jarraikiz.

Eta hara zer, eta hango jendea hasi da ostera Europara etortzen, alderantzizko inbasio bezala ulertuta, orain europar askok eta oro har gobernuek horrela ulertuta. Badago hortik tesi bat, arrakastatsu izan zena, gaurko Europak jasaten dituen immigrazio oldeak antzinateko erromatar inperioak jaso zituen inbasio barbaroen antzera aurkeztu zituena. Barne krisian zegoen inperio hura inbaditu zuten estepetako barbaroek eta suntsitu, omen. Baina gaurko immigrazioek zerikusirik ez dute antzinateko migrazio/inbasio haiekin: gaur datorren jendea ez da konkistatzaile, langile-eta izan nahi dute, hots, euren herrialdeetan izan ezin dutena, ez dator denetariko jendea, hango pobreenak eta gehien kondenatuak alegia ez dira etortzen, baizik eta prestakuntza maila bat eta diru nahikoa dutenak datoz gehien bat, diru nahikoa behintzat pateren jabeek eta bitartekariek egiten dizkieten estortsioak ordaindu ahal izateko.

Alta, setiaturik ikusten du orain bere burua Europa honek. Aznarrek Europar Batasunaren konstituzioan sartu nahi zuen zibilizazio judu-kristaua hil ala biziko arriskuan dakusa Europa honek. Ultraliberalismoak bultzaturiko krisiak direla medio, arrazismoak, ekonomia, ideia eta identitate krisiak jotako behe eta ertaineko europar klaseek barneratu dituzten ikusmoldeen arabera inbasoretzat hartzen dituzte bueltako etorkin hauek gure gizarteen geruza zabalek, horrekin sinetsirik, molde berriko faxismoak salbamendurako azken itxaropen gisa besarkatuz.

Eta bai, hondoratzen doa Europa humanitarioa, etorkinak gure kostaldeetan itotzen utzi nahiago dituguneko erritmo berberean.