z dira astoak astakeriak egiten dituztenak, gizakiok egiten ditugu horrelakoak. Gizakionak ez bertze inoren dohainak dira -keriak guztiak. Gizakeriez hitz egin beharko genuke, molde askoz justuago batean bertze izakiei begira, zehatzago semantikoki eta errealitatearen adierazkorrago ene ustez.

Ez gara putre, ez azeri, ez otso, ez tigre, ez sugegorri, ez basapiztia€ Gizakiak gara eta gu geu gara putrekeriak, azerikeriak, txerrikeriak, nahi bertze basakeria egin ditzakegun izaki bakarrak. Zientifikoki gainera, puntako teknologiak erabiliz maila goreneko gure zibilizazioan.

Ez da gaur aztoraturik gaituen mikro-zomorrotxoa krimenak egiten dituena, haren sarraskiak ez dira krimen, hari buruzko gure ezezagutza, gure biluzia, gure prebentzio falta, gure politika ezegokiak, gure lehentasunak inbertsio kontuetan, irabazleak miresteko eta euren alferkeria baldarkeria eta ezgauza galtzaileei leporatzeko gure jaidura€, horiek guztiak eta anitz gehiago dira kriminal bihurtzen gaituztenak, kriminal aktibo edo pasibo, bai eta suizida kolektibo zentzugabe ere. Zenbat akats, zenbat arduragabekeria sozial eta finantzari ez ote duen berriro ere lehen planora ekarri eta begi bistan jarri mikro-zomorrotxoaren bisitaldi globalak? Guraizeen politika ekonomikoa inbertsio publikoetan, zerbitzu sozialetan, langileen eta tokian tokiko ekoizle txikien eskubideetan€, hori batetik, eta bertzetik, aitzur politika gizarte-bretxa zabaltzeko, magiazko txanoarena gutxi batzuen poltsikoak diruz beterik agerrarazteko, espekulazioan jarduteko osasun babes tresnekin, arnasgailuekin, jendearen beharrekin€ Horren guztiaren kontu eske jarri beharko gintuzke orain atzera ere pandemia honek.

Animaliek eta mikrobioek beren bizimodua dute, euren bizibehar naturalari men egiten diote, kontu biologiko zoologikoak garatzen zaizkie, natural-natural, berez, eta beldurgarri zaizkigu guk geuk haiek kontrolatzen ez baditugu. Kutsatzaile eta sarraskigile suerta dakizkiguke, baina kaltegarritasun horren erantzule bakarrak gizakiok gara, gure jokamoldeekin, gure aldrebeskeriekin edo ezgaitasunarekin.

Beldurgarria, beldurgarria denez, pandemia hau, historiako bertze hainbertzeren pare. Baina beldurgarriago izan beharko litzaiguke ohartuko bagina nola dagoen prestaturik gizateria, gure sistema "zibilizatu" globala, horrelako ezbehar eta tragedietatik etekinak ateratzeko, baliozko etekinak, noski, ohi bezala diruz neurtzen diren etekinak. Inbertsioak biderkatuko dira pandemia hau geldiarazi eta kontrolatzeko, egon gaitezen lasai alde horretatik, eta lehia bizian biderkatu ere botere publiko zein pribatu zein mistoen artean, lehia bizian ere bai noren laborategiak lortuko duen botika edo txerto egokia, nor eginen den horren patentearen jabe, nork kontrolatuko haren salmenta bai prezioetan bai banaketan.

Mikro-zomorrotxoa, azken beltzean, hain natural berau, artifiziozko diru iturri bihurtuko dute gizakerietan ohiko adituek. Jan-tziago ikusi nahiko nuke gehiengo soziala joko maltzur honi aurre egiteko.