Genero berri bat
Liburu-denda bat protagonistatzat duten nobelen uholdea izan daiteke galera sentimendu baten erantzuna, saltoki erraldoiak txikiak irensten ari diren honetan
Abenturak aurkitu eta bizitzeko gai ez gara, nonbait, eta aspaldi sortu ziren abenturak antola-tzen dizkiguten bidaia-agentziak. Ibilbideak mendi arriskutsuetan, Ipar Poloan trabesiak, oihan itsuetan senderismo ibilaldiak? Halere, niretzat abenturarik zirraragarriena liburu-denda batean sartzea izan da betidanik.
Zer emozio liburuen azalak ikustea, egileen argazkiak, kontrazaleko sinopsi irudimentsuak! Justu zure interesekoa den gai bati buruz egile ezagun horrek egin duen ekarpen ausarta eskuetan daukazunean, zelako barne-kitzikadura gozoa! Haur literaturan dauden edizio dotoreak ikustea, poeta ia sekretu baten itzulpen berri bat, zure idazle lagunak bere amaren heriotzari eskaini dion testu zirraragarria, Nobel saridunaren hil ondoreneko testu berri bat? Liburu bat une gozatsu eta eder askoren promesa bat da, erosi eta jakako patrikan daukazunean eguna pozten dizuna, zure bizitzari argi berri bat ekarriko dion itxaropen garaiezin horrek altxor baten jabe egin zarela sentiarazten dizun bitartean.
Azken urteotan liburu-denda bat protagonistatzat duen nobela ugari argitaratu da gure inguruko erdaretan: Una librería con magia, La librería ambulante, La librería encantada, Mi maravillosa librería, eta beste asko. Ixtear dauden liburu-dendak, edo herentzian jasotakoak, pertsonaien bizitzak eraldatzen dituztenak, liburu eta istorio esanguratsuak ezagutzeko aukera ematen dutenak dira protagonista nagusiak. Berriki argitaratu da Roald Dahl-en ipuin bat, El librero izenekoa, ohikoak zituen argumentu maltzurren harian batere eredugarria ez den liburu-denda bati buruzko kontakizun bizia, eta bitxia. Ezaguna da, baita ere, Daniel Pennac-en Como una novela, literaturaren anti-manual gisan definitua izan dena, baina gazteei irakurtzeko beldurra kentzeko asmoz idatzia, irakurlearen eskubideen dekalogo deigarri bat eta guzti.
Zergatik sortu den uholde hau? Izan liteke galera sentimendu baten aurreko erantzuna, saltoki erraldoiak liburu-denda txikiak irensten ari diren garai honetan. Italo Calvinok dio, 1985ean idatzi zuen Seis propuestas para el próximo milenio obran, bukatzen ari zen milurtekoa izan dela liburua gaur ezaguna zaigun forman kontsakratu duena. Irakurzaleen paradisuak murriztu egin dira, gure hirietan oasi bakan bilakatzeraino. Gozamen hau parteka-tzen ez dutenek ezin dute gure tristura ulertu edozein hiritara joanda liburu-dendarik ez dagoela ohar-tzen garenean.
Euskaraz ez dago, nik dakidanez (jada ezinezkoa baita produkzio osoa irakurtzea), genero honi buruzko libururik. Eta ez da izango bibliofilorik ez dagoelako gure idazleen artean, orduak liburuen peskizan ematen dituzten horietakoak. Kultur eta edizio produkzioari buruzkoa da gehiago Ur Apalategiren Gure gauzak S. A., izenburuan behintzat Roald Dahl-en La venganza es mia S. A. liburuarekin antza duena, edota Editorea, Aitor Aranaren antzerki obra.
Polita litzateke, adibidez, Hontza liburu-dendan kokaturiko nobela bat. Jo dezagun aberats txinatar batek erosi duela, bere alabak bazarra jar dezan, baina euskal kultura deskubritzen duela bertako liburuak irentsiz eta aitaren planak pikutara bidaliz. Edo bezero batek amodio mezu bat aurkitu duela poesia liburu batean, edo? Tira, ekin, idazle, liburu deituriko objektu txiki horren handitasuna ikusaraziko duen nobela eder bat idazteari.