Goi arkitektura
Hiri nagusietako erreferentziazko eraikin ikonikoak dira udarako argazki kameretan erretrataturik geldituko direnak. Baina, hori al da goi arkitektura?
Lagunekin hizketan nagoenean eta arkitektoaren lanbideaz galdetzen didaten aldiro, nitaz errukitzen dira eta penazko begiradak jasotzen ditut nire gain. “Eraikuntzako krisialdiak bete-betean jo zaituzte, jada ez dago museoak edo etxebizitza berriak egiteko dirurik”. Tankerako pentsamenduren bat irakurri diezaieket beraien ardura aurpegian.
Bai jaun-andreok, delako goi arkitektura hura -zorroa diruz beterik dagoenean egiten dena- eraiki-tzeko beharrik ez dago, zorionez. Baina horrek ez du esan nahi inolaz ere, arkitektura agortu denik. Arkitektura ekonomiaren gehiegikeriaren zakuan sartuta egon da, horregatik egunkarietan behin eta berriz azaldu ohi da arkitektura korrupzioa hitzari eskua emanda. Baina hori ez da arkitektura, baizik eta batzuek arkitektura erabili izan duten modu bat. Arkitektura espazioaren erabilpen eta gogoeta da, ez du hiri-marketing eta programa politikoekin zerikusirik, nahiz eta loturik egon diren.
Handikeriaren arkitektura egiteko aukera, oraingoz, bukatu egin da. Arkitektoen artean behin eta berriz errepikatzen da lanbidea berdefini-tzeko garaian dagoela, orain arteko lan-iturriak desagertu direlako. Baliteke egin beharrekoa zera izatea: turisten brochure-etan agertuko ez den arkitekturara begiratzea, gertuko espazioetan arreta jartzea, alegia. Akaso bizi garen espazioen inguruko begirada zorrotzago bat izatera behartzen gaitu, gure bizi-espazioek dituzten hainbat gabeziei aurre egiteko. Eta esparru horretan, lan handia dugu arkitektook egiteke.
Adierazi nahi den gertuko espazio baten adibidea gure etxebizitza blokeen ataria izan daiteke. Bertatik egunero igarotzen gara, gure etxebizitza indibidualaren aurre-espazioa da eta kalearekin identifikatzen gaituen gune bat aldi berean. Erreferentzia handiko espazio bat da gure espazio-bizipenean, askotan gutxiegi zaintzen dena. Luxuzko bulego eraikinetan edo garai bateko luxuzko etxebizitza blokeetan, atariak berebiziko garrantzia zuen. Ez da ia ezer gertatzen bertan, baina espazio zabal eta handikoiak izan ohi dira. Etxe edo bulegoaren lehen inpresioa atariak ematen du. Egun, atarien berrikuntza arkitektura bulego bateko ohiko lana da, hainbat etxebizitza bloketan irisgarritasuna bermatzeko, ataria berregin behar izaten delako. Igogailua txertatu eta kaletik gure etxeetarako bidean eskilararik ez egotea ekiditeko espazio eraldaketa xumeak izan ohi dira.
Kasu horietako bat Arkitekto Elkargoko 2016ko sarietan barne-diseinuko atalean finalista izan da. Miguel Alonso Flamarique, Roberto Erviti Machain eta Carmen Escorihuela Vitales arkitekto iruñearren eskutik, atari bat goi arkitektura bilakatu dute. 1966.urtean Fernando Redon Huici eta Javier Guibert Tobar arkitektoek diseinatutako eraikinaren atari-berregokitzapenean argitasun handia sartu dute. Espazioa detailera pentsatua eta mimoz eraikia dago. Lurrerako erabilitako harri-barlasaiak pareta eta sabaian jarraitzen du, dena material bakarrarekin estalita dago. Harriaren erabilpen honek baimendu du espazioa lineaz beterik egotea. Harriek luzerako marrak marrazten dituzte, lurrean hasi eta paretatik igotzen direnak. Marratze honekin bat egiten du eskilararen barandaren diseinuak, beiratearen marraketak eta baita argiztapen elementuak ere.
Atariaren kolorea ere oso zaindua dago, tonalidade elegantean, espazioaren delineatzeak sortzen duen ordenarekin bat datorrena. Espazioak zorroztasuna transmititzen du batik bat. Mintzaira estetiko soil honekin batera, funtzionaltasuna gertutik ikertu da. Atariaren espazioa txikia bada ere, komunitaterako azalera gehigarriak lortu dira. Trasteleku eta garbitzailearentzako gelatxo bat aprobetxatu da. Azkenik, ataria zeharkatzeko bidea tentuz pentsatua izan da. Atarira sar-tzeko kanpo harrera espazio bat diseinatu da; giltza bilaketan babestua egoteko, edo tinbrea jotzeko unean kaletik banatzen gaituen gune bat izateko. Behin kaleko atea igarota, eskilara hartzeko gunea aurkitzen den arren, igogailu eta buzoien espazioa da nagusi, itxarongela nagusi bilakatuz. Ongi argiztatua, sartu eta ateratzen diren auzokideak ikusteko aukera ematen du espazioak.
Atari honek azaltzen du nola goi arkitektura ez dagoen goiko klasearekin loturan, baizik eta goi-mailako helburua erdiesten duen prozedurarekin, handia zein txikia izan, garestia zein merkea.