Askoa Etxebarrieta ‘La pulga’: “Flamenkoa eta txalaparta bikain ezkontzen dira”
Hainbat musikari eta txalapartarirekin taldea osatu du Askoa Etxebarrieta ‘La Pulga’ dantzariak. Flamenkoa eta euskal doinuak uztartzen dituen ‘Berriketan’ ikuskizunarekin herriz-herri ari dira orain eta abuztuan diskoa grabatuko dute
Txikitatik dantzatu izan du Askoa Etxebarrietak (Gasteiz, 1976), baina flamenkoa ezagutu zuenean konturatu zen diziplina honek bere bi pasioak -dantza eta perkusioa- uztartzen zituela. Maletak hartu eta Andaluziara joatea erabaki zuen, flamenkoaren sustraien bila. Ordutik 15 urte pasa dira eta egun, Euskal Herrian flamenko eskolak emateaz gain, hainbat ikuskizun egiten ditu han eta hemen. Flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituen bere proiektu berriena da Berriketan. Emanaldi honetan Etxebarrietak aho zabalik uzten ditu ikus-entzuleak bere jauzi, takoi jotze eta keinuekin. Bere izaera, indar eta pasioaren lekuko izango da bihar Arrasateko herriko plaza, bertan emanaldia eskainiko baitu.
‘Berriketan’ ikuskizuna aurkezten ari zarete udan eta Euskal Herriko hainbat herritan egon zarete. Nola sortu zen ikuskizuna?
Flamenkoaren munduan sartu nintzenetik gogoa nuen txalapartarekin zerbait egiteko. Nire flamenko ikasle baten bidez ezagutu nituen txalapartariak eta kolaborazio batzuk egitea erabaki genuen. Horrela sortu zen dena, orain dela bi urte. Izan ere, bi urteko lana egin dugu ikuskizuna aurrera eramateko. Zerbait serioa eta landua egin nahi genuen eta horrek lana eskatzen du. Hasieran bakarrik perkusio-jotzaileak, txalapartariak eta hirurok osatzen genuen taldea. Geroago, konturatu ginen oso perkusiboa zela eta gitarra eta ahotsa sartu genituen. Talde indar-tsua sortu dugu, dudarik gabe. Ez da ohiko flamenko koadroa bezalakoa. Emanaldiak ematez gain, abesti berriak sortzen ere ari gara orain, eta abuztuan diskoa grabatuko dugu.
Ongi ezkontzen dira txalaparta eta flamenkoa?
Bai, ezin hobeto. Zuraren soinua oso berezia da. Badirudi txalaparta eta flamenkoa oso desberdinak direla, baina biek jatorri herrikoia dute. Bi herriren doinuak dira.
Bihar Arrasaten arituko zarete. Zer ikusiko dute bertaratzen direnek?
Euskal sustraiak eta flamenkoa uztartzen dituen proiektua da gurea. Perkusio, gitarra eta kejioen artean, dantza eta txalapartaren arteko elkarrizketak ikus eta entzun daitezke. Alegria, buleria, tangoa, fandangoa eta beste hainbat erritmo harturik, goxotasun eta energia handiko ikuskizun berezia eskaintzen dugu. Gainera, taldean sekulako energia sor-tzen da eta uste dut hori somatzen dela gure ikuskizunetan. Indarra duen ikuskizuna da Berriketan.
Gasteizko lokal okupatu batean izan omen zenuen flamenkoarekin lehenengo kontaktua?
Bai. 1998an ezagutu nuen flamenkoa, Zaramazulon. Bertan egin zen konpaseko tailer batean parte hartu nuen eta nire burua oso eroso ikusi nuen. Zegoen energia asko gustatu zitzaidan. Gero, dan-tza klaseetan izena eman nuen. Betidanik egin dut dantza; balletean, adibidez, urte asko eman nituen. Baina flamenko klaseetara joan eta gero konturatu nintzen hori niretzako zela. Uda horretan bertan Granadara joan nintzen ikastaro trinko bat egitera, eta gero hara bizitzera joatea erabaki nuen. Izan ere, argi ikusi nuen honetara dedikatu nahi banuen jatorrizko herrira joan behar nuela. 2001ean joan nintzen Granadara eta lau urte eman nituen bertan. Gero Sevillara joan nintzen bost urtez, eta Euskal Herrira itzuli nintzen ondoren. Andaluziara joatea benetan esperientzia aberasgarria izan zen. Hor aurkitu nuen jendea oso profesionala zen, benetan dantzari onak.
Izan ere, Euskal Herria ez da izango flamenkoan trebatzeko lekurik onena, ezta?
Ez. Dena den, orain eskola gehiago daude, baina nire garaian oso gutxi zeuden. Gainera, hemen flamenko klaseetan izena ematen duenak zaletasun bezala hartzen du, ongi pasa-tzeko. Baina nik honetaz bizi nahi nuen, eta horretarako banekien hemendik alde egin behar nuela. Granadan hainbat urte eman eta gero, hiria txikia geratu zitzaidala konturatu nintzen eta handik Sevillara joan nintzen. Hango eskola desberdina zen, gorputza eta besoak lantzen zituzten batik bat. Nik hori nahi nuen momentu horretan.
Zer zioten garai hartan zure lagunek eta familiak zure flamenko zaletasunari buruz?
Hasieran, nire familia zur eta lur gelditu zen. Nire etxean ez da inoiz flamenkoa en-tzun eta arraroa iruditzen zitzaien. Nire eroaldi bat zela pentsatu zuten hasieran, baina gero konturatu ziren ezetz, benetakoa zela sentitzen nuena. Gaur egun ikuspegi irekiagoa dute eta asko laguntzen didate. Hasieran, arazoa zen ez zekitela flamenkoa zer zen. Flamenkoa dantza herrikoia da, marjinala. Flamenkoaren barruan badaude letra aldarrikatzaileak, protesta letrak. Izan ere, ijitoak oso jende umila dira, beti egon dira zapalduak. Orduan konturatu ziren flamenkoa ez zela haiek uste zutena, eta flamenkoa izan daitekeela protesta ere.
Zuk ere flamenkoaren bidez protesta egiten duzu?
Flamenkoaren barruan letra herrikoiak ere badaude, inorenak ez direnak eta herriak hartu eta bere egin dituenak. Letra horiek gauza asko esaten dituzte. Guk ere gure ikuskizunean sartu ditugu protesta letrak. Zerbait eragiten duten letrak, alegia.
Aurreiritzi asko daude oraindik flamenkoaren inguruan?
Bai, eta uste dut Francoren errua izan dela hori. Izan ere, berak zezenak eta flamenkoa hartu eta Espainiaren sinbolo bihurtu zituen. Kalte handia egin zion horrek flamenkoari. Gainera, hori ez da horrela, ez dute zerikusirik. Flamenkoa kultura bat da, artea. Zorionez, gero eta aurreiritzi gutxiago daude. Orain gehiago entzuten da flamenkoa Andaluziatik kanpo, eta aurrerapausoak ere eman dira. Adibidez, ni bertara bizitzera joan nintzenean hemengo lagunek galdetzen zidaten sevillanen inguruan, eta behin eta berriro esan behar izaten nien sevillanak eta flamenkoa ez zirela gauza bera. Zaku berean sartzen zuten dena. Orain ez da horrela eta jendeak desberdintzen du gauza bat eta bestea.
Zein izan dira zure flamenko dantzari ereduak?
Niretzat eredua Carmen Amaya izan da beti. Onena izan zen, onena da eta onena izaten jarraituko du. Izan ere, oinak egiten hasi zen lehenengo emakumea izan zen Amaya. Zapateatua irauli zuen, eta dantzatzeko prakak jarri zituen lehenengo emakumea ere bera izan zen. Beti izan da onena. Makina bat. Horrez gain, Antonio Gales eta El Farruco ere gustuko ditut. Eta gaur egungo dantzarien artean Los Farrucos, La Moneta eta Alfonso Loza, adibidez.
Zer aurkitu duzu flamenkoan hainbeste liluratu zaituena?
Flamenkoa oso berezia da, baina perkusioa ere asko gustatzen zait. Flamenkoarekin perkusioa eta dantza uztartzen ditut, hau da, nire bi pasioak. Oinen soinua eta erritmo-jokoa ere asko gustatzen zaizkit. Baina batez ere taula gainean sortzen den pasioak harrapatu ninduen hasieratik. Droga osasuntsu bat bezalakoa da niretzat flamenkoa. Ezin dut utzi.
Teknikoki zer da lantzen duzuena?
Gorputz osoa lantzen dugu. Kirol on bat ere bada, dudarik gabe, sasoi betean jartzen naiz flamenkoa dantzatzen. Gainera, ongi dantza-tzeko egunero lan egin behar duzu, bestela bide bazterrean gelditzen zara. Ez da inoiz bukatzen ikasketa prozesua. Horrez gain, garrantzi handia ematen diogu estetikari eta jarrerari ere.
Non eta nola jarraitzen duzu zuk ikasketa prozesu hori?
Gasteizen ikastaroak ematen ditut, baina ikastaroak jaso ere egiten ditut. Bi hilabetero Madrilera joaten naiz eta bertan flamenkoa ikasten dut. Oso aberasgarria da niretzat, eta behar dudala ere sentitzen dut. Izan ere, gero Euskal Herrira itzultzen naizenean energia berriztuta izaten dut, gauza berriak egiteko gogoa, oso motibatuta sentitzen naiz. Beti dago zerbait berria ikasteko, oso garrantzitsua da formazioa, etengabe ikasten jarraitzea.
Nor da ‘La Pulga’ eta nor Askoa?
Taula gainean dantzatzen dudanean, dudarik gabe, La Pulga naiz, harrokeria puntu bat duen dantzaria. Oholtzan nagoenean nire momentua dela sentitzen dut, eta inork ezin dit momentu hori lapurtu. Oso berezia da sentitzen dudana. Trantze momentuak bizi izan ditut taula gainean. Noski, Askoa ni naiz baita ere, bizitza normala egiten duen pertsona, bere borrokak dituena, une onak eta txarrak? Guztiok bezala.
Eta zergatik ‘La Pulga’?
Betidanik oso mugitua izan naiz, urduria eta, gainera, txikia. Lagun batek jarri zidan aspaldi ezizen hori eta ordutik nirekin daramat. Gainera, lagun hori orain ez dago gure artean eta berari eginiko omenaldi moduko bat ere bada. Egia esan, ezizenaz oso harro nago.