Euskal Herritik mundu osora, elektronika sortzen eta pintxatzen; halaxe dabil azken urteotan Aitor Etxeberria (Gernika, 1985) edo El_Txef_A, hori baitu elektronikaren biosferan ezagun egin duen izen artistikoa. Alemania, Mexiko, Hegoamerika, Europa eta AEBen artean pasa du uda eta, datorren ostiralean, birari amaiera emateko, Bilboko Kafe Antzokiko goiko solairuan ariko da zuzenean, 01:00etik aurrera, Stereorocks emanaldien baitan.

Etxeberriari duela hamabi urte inguru hasi zitzaion elektronikarekiko zaletasuna. Bilbon musika ikasten ari zen urteetan, eskolatik gertu zeukan Cibertech izeneko dendara joaten hasi zen musika entzutera. Garai hartan, Euskal Herrian elektronika “oso arina” zegoela dio, eta han entzuten zuen atzerriko elektronikak zerbait desberdina zeukala ohartu zen: “Artearen beste arlo batzuetatik (arkitekturatik, esaterako) edo Alemaniatik zetorren minimalismoarekin bat zetorren elektronika hura”; minimalismoak, bistan da, ez baitu arintasunarekin zerikusirik. Eta nola harrapatu zuen artzaina lamiaren ahotsak, halaxe harrapatu zuten Etxeberria technoak, houseak eta elektronikaren aldaera desberdinek.

Txikitan hasi zen pianoa eta musika hezkuntza ikasten, eta horrek eragin nabarmena du bere sorkuntzetan. Elektronikari ematen dion kutsu organikoa da bere musika berezi egiten duten elementu nabarmenetako bat. Pianoek, hari-instrumentuek edo filtrorik gabeko ahotsek nolabaiteko naturaltasuna ematen diete sortzen dituen kantuei, beharbada, Euskal Herrian entzun izan den elektronikan oso ohikoak ez direnei. “Hemen beti egin izan da elektronika zapala eta, elementu hauekin, egia da, agian, errazago iristen zarela jendearengana; errazagoa da entzuteko”.

Dioenez, kantu elektronikoak sor-tzeko prozesua ez dago pop musika konposatzeko modutik oso urrun. “Pianoa eta bateriarekin atmosfera bat sortzetik hasten naiz, eta gero beste elementuak gehitzen dizkiot. Baina, batzuetan -eta hori du elektronikak-, beste edozein kantutako segundo bakar bat nahikoa izan daiteke haren inguruan kantu oso bat sortzeko, hainbeste dira sintetizadoreek ematen dituzten aukerak!”. Han eta hemen hainbat single argitaratu badizkiote ere, berak sortutako Fiakun zigilupean argitaratu ditu orain arteko bi lan luzeak: Slow Dancing in a Burning Room (2012) eta We Walked Home Together (2014).

Entzun, ikusi eta ikasi Elektronikarekiko zaletasuna ofizio bihurtu du gernikarrak, DJ lanetan arituta batez ere. Berak dioenez, estatu mailan ez dira asko hori lortu dutenak. Baina nola lortzen du batek mundu osoan zehar bere lekutxoa egiten joatea? “Bada, bidea eginez joan naiz, estresatu barik. Gainera, harro nago atzean ez dudalako managerrik edo markarik; nik ez dut inoiz inora deitu han jotzeko neure burua eskainiz, beti deitu izan didate niri. Jendeari gustatzen joan zaio, batzuek errepikatu egin dute eta pixkanaka egin dut aurrera”, kontatu du.

Ez litzateke arraroa pentsatzea elektronika egitetik bizi denak elektronika entzuten ordu asko pasatzen duela. Bada, ez da inolaz ere El_Txef_A-ren kasua. “Technorik ez dut entzuten, ezta pentsatu ere”, dio. Esate baterako, David Sylvian eta Nirvana entzun ditu azkenaldian, eta jazza ere beti izan ohi du eskura. Gainera, herrialde edo hiri desberdinetara joaten denean ohitura du musika berriak entzun eta bere bildumara gehitzeko. Aniztasun hori nabari da gero, bai sor-tzen, bai jartzen duen musikan ere.

DJ saio onak egitearen gakoa “giroa sortzea” dela dio, inprobisatu eta jendeak eskatutakoa ematea. “Zure bilduma ondo ezagutzen duzunean, jendearen arabera atmosferak sor-tzen joaten zara; batzuetan, jaialdi batean, adibidez, zuk jo aurretik egongo da, beharbada, giro jakin bat sortua, eta, beraz, horri jarraitzen saiatzen zara, zure identitatea galdu gabe”.

Argi dauka bizimodu honek eskain-tzen dion gauzarik onena bidaiatzea dela. “Badirudi hor kanpoan dena dela txarra, baina nik beti oso jende ona ezagutu dut, gizatasun handiko jendea. Hemendik hara ibilita, konturatzen zara mugak direla txarrenak”. Bidaiatzean nazionalismoa sendatzen dela esan ohi dute batzuek, eta hala omen da bere kasuan ere. “Beste hainbaten egoera latzak ikustean ohartzen zara gure mikroespazio hau, Euskal Herria, ez dela, nolabait esateko, munduaren zilborra. Ni euskalduna naiz eta euskaldun sentitzen naiz, baina lehen nuen nazionalismo hori baretzen joan zait beste errealitate batzuk ezagutzearekin batera. Bidaia bakoitza astindu bat da zure barruan; asko ikusi eta ikasten da bidaiatuta”.