Pasa den urteko udaberri amaieran hasi ziren Cecilia Bengolea (Buenos Aires, 1979) eta Manuel Cirauqui arte arduraduna Ur animazioak proiektuan lan egiten. Urtebete beranduago, Bilboko Guggenheim museoan estreinatu dute, eta bertan egongo da ikusgai datorren urriaren 24ra arte.

Argentinarrak 2018 eta 2019 urteen artean sortu eta landutako hiru piezaz osatuta dago erakusketa. Zehazki, bideoa, koreografia eta eskultura uztartzen ditu artistak bere lanetan, eta elementuek gorputzetan eta planetan duten eragina aztertzen du. Pieza hauen bidez, ura osagai metaforiko moduan aurkeztu du Bengoleak, eta gorputz eta pentsamenduaren egoerak erakutsi ditu.

Hasiera batean, obra gehiago erakustea pentsatu zuten, baina ideiak eta testuak elkarbanatu ondoren, ondorengo hirurak proiektatzea erabaki zuten: Tximista-dantza, Bestiarioa eta Posizio gogokoenak.

'TXIMISTA-DANTZA'

Lehenengo pieza lankidetzan oinarrituta dago. Izan ere, Jamaikako Kingston hiriko hainbat artistekin elkarlanean aritu ondoren osatu zuen Bengoleak 2018an. Bereziki dancehall estiloko Craig Black Eagle eta Oshane Overload Shankaz izeneko dantzariekin. Kontatu duenez, Karibea bereziki interesatzen zaion lekua da, bertako biztanleek dituzten giza-harremanak direla-eta. Horrez gain, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko musika eta dantza gertuko sentitzen dituela azaldu du argentinarrak: "Jamaikako dancehall kulturak emozio karga handia du, baita Argentinako 90eko hamarkadako punk-ak". Zehazki, dancehall estiloa reggaearen punk-anaia dela dio artistak.

Londresen ekoitzi duten kanal bakarreko bideo-proiekzio honek atmosferako elektrizitateak portaeran eta irudimenean duen eragina azter-tzen du. Obran zehar paisaia pertsonaia aktiboa dela dio Bengoleak. Horrez gain, azaldu du argindarrak eta urak eragin handia dutela iruditerian, dantzari eta musikarietan.

'BESTIARIOA'

Tximista-dantzaz gain, bi animazio digital bildu ditu erakusketak. Horietako bat da Bestiarioa (2019). Jorge Luis Borgesen Alegiazko izakien liburua izeneko liburuan oinarrituta dago, bertan azaltzen diren deskribapenak hartu baititu Bengoleak inspirazio iturri-tzat, bere hitzetan: "Jamaikako igeriketa sinkronizatuko talde batekin egin dut lan. Lehenengo koreografia uretan egin nuen, Karibeko itsasoan. Taldeko neskei animalia mitologikoen eta kimera zaharren konbinazioen deskribapenak helarazi nizkien, eta haiek animalien dan-tzak erakutsi zizkidaten dancehall estiloan".

Modu horretan osatu dituzte mitologia greko eta jamaikarren arteko konbinazioak, baita kaleko dantzaren kultura ere. Izan ere, hologrametakoen antzeko ikonografia baliatuz, "metamorfosi-egoeran dagoen gorputz baten alegiazko transformazioak" erakutsi ditu artistak pieza honen bidez. Pieza hau flotazio modura instalatuta dago museoan, holograma gisa. Artistak dioenez, teknikoki zaila izan da efektu hau lortzea, baina horretarako baliabideak eskaini zituen Guggenheim museoko talde-teknikoak.

'POSIZIO GOGOKOENAK'

Erakusketako bigarren animazio digitala 2019an sortu zuen artistak, eta Posizio gogokoenak izena du. Pieza honen abiapuntua olagarroaren idiosinkrasia dela azaldu du Bengoleak. Helburua inongo mugarik ez duen gorputz bat irudikatzea da, "zeinaren mugimenduak aske dabiltzan barnearen eta kanpoaren, izakiaren eta ingurunearen artean". Artistak kontatu duenez, Karibeko hezetasunak gorputzaren mugak imajinarioak direla iradokitzen dio: "Gorputzaren barne-hezetasunaren eta paisaiaren kanpo-hezetasunaren arteko mugak desagertu egiten dira, eta euriaren eta transpirazioaren artean airean lurrundutako likideziara igarotzen gara. Euriak, ozeanoak eta transpirazioak bat egiten duten lekura".

GIZA ERALDAKETA

Erakusketa honen bidez hainbat ideia transmititu nahi ditu Bengoleak. Eskultura performance bidez adieraztearen ideia objektu eta subjektu aldi berean bihurtzearen kontzientziatik dator: "Besteekiko konposizio-gaitasunak hedatzea ahalbidetzen digun kontzientzia bikoitza". Hiru dimentsiotan sortzen dituen bideoetan mugimenduan dagoen eskultura erakutsi nahi du, holograma gisa.

Horrez gain, autore anitzeko hizkuntza bat sortzea interesatzen zaio, mintzatua eta dantzatua. Baita hizkuntza hori egunero zabaltzeko aukera ere, "Babelgo liburutegia bezala, infinitua". Bere lanen bidez hiztegi, hitz eta keinu berriak erabili nahi ditu, bizitzako gertakari sakonez hitz egiteko: "Zoriontasuna eta tristura partekatzeko".

Amaitzeko, interesatzen zaion dantza motak gizartea eraldatzeko gaitasuna duela azaldu du Bengoleak, bere hitzetan: "Funtzio bat du, beste egoera mental edo fisiko batera igarotzeko balio du". Dioenez, Kingstonen egiten dituzten kaleko festetan hasieran jadanik bizirik ez dauden lagunei buruz hitz egiten duten abesti triste eta malenkoniatsuak entzuten dira. Likoreak botatzen dituzte lurrera, lurperatuta daudenek edan dezaten. Hori hilda daudenak gogoratzeaz gain, eskerrak emateko modu bat da: "Bizi-tza eta heriotzaren ospakizuna da".