Hitzek ez dute esanahi bera izaten leku batean edo bestean. Batzuetan esanahi orokorra berdina izan arren, xehetasunetara joz gero, desberdintasun nabariak topa daitezke. Besteetan, aldiz, txantxa bat dirudi hitz bera gauza guztiz desberdinak izendatzeko erabiltzeak. Honi saltzaile on baten hitz jarioa eta egiaren malgutasuna gehitzen badizkiogu, abentura bat izan daiteke Bolivian autobus txartel bat erostea.

Argi genuen zerrendatzen zizkigun ezaugarri eta gauza miragarri gehienak hitz hutsalak besterik ez zirela, baina ordura arte inolako autobus txartel saltzaile batek ere erabili ez zuen hitzak erabili zituen, eta jakin-minaren arra hazten joan zen guregan. Ahots pausatu eta ozenaz bota zuen: 'autobus diplomatikoa'. Bizkarrean arropa zikinez beteriko motxilarekin bidaiatzen ari den bikotearentzat, luxua dutxa batek eta komun garbi batek osatzen dutenak, diplomatiko baten eran bidaiatzeak fantasia bat zirudien. Ez gaitezen engainatu, bagenekien ez genuela herrialde bateko gorbatadun garrantzitsuenen moduan bidaiatzeko aukerarik izango, baina gezur horrek egiaren zantzurik ote zuen jakin gabe ezin ginen geratu.

"-Bi tiket Cochabambara, autobus diplomatikoan, mesedez".

Goizeko ordu txikietako geldialdian marmarka pasa naiz gidariaren albotik. Ezin hobeto saldu ziguten autobusean, ez dago komunaren arrastorik, eta beharrak asetzeko geldialdia egin dugu Boliviako goi-ordokian, ezerezaren erdian. Hotzak akabatzen, nigandik ez oso urrun gona koloredun zabala jasotzen ari den emakumeari alboka bizkarra emanda, pixa egin dut izarrez beteriko zeru ilunari begira. Beste izarren gainetik dirdirka ari den izar multzo batek konstelazio bat irudikatzen duela iruditu zait. Tiket saltzailearen aurpegia izango da, gure lepotik barrezka.

Txikituak irten gara autobusetik, diplomatikoen bizitza gogorra dela ikasita. Beste bidaiari gehienak bezala, Cochabambako autobus geltoki nagusian denbora pasa geratu gara bazter batean kiribilduta, eguzkia noiz irtengo zain. Lehen izpiak agertzean motxilak bizkarrera bota eta kalera atera gara. Parkeetan ugariak diren kafe postu ibiltari batean gosaldu dugu, ikuspegi estrategikoa duen kaleko jarleku batean gure gorputz nekatuak bota aurretik. Turismoa egin dugu ipurdia bertatik altxatu gabe, izan ere asko ikasi daiteke herrialde bati buruz goizeko lehen orduetako joan-etorriak aztertuz gero. Eguerdiko kanpaiekin sinkronizatuta, Cochabambako poliziaren musika banda doinua zabaltzen hasi da goitik behera berde militarrezko janzkera mehatxagarriarekin eta gure logale goxotik atera gaitu. Ostatu batera joateko garaia iritsi da.

"Han llegado otros vascos" entzun diogu logelatik harrerako emakumeari esaten. Kuxkuxean atera naiz korridorera eta parez pare topatu naiz "arratsalde on" bat pozik jaso duten bi gazterekin. Elkarrizketa bizkor ibili da, "nongoa zara?", "nolatan hemen?", "zure herriko bat ezagutzen dut", "ba nire laguna da" eta halako esaldiekin. Konturatzerako laurok goitik behera kolore biziekin margoturiko autobus batean sartu gara, "ez dakit zein herriko, ez dakit zein Ama Birjinaren ez dakit zer festara" bidean. Zorionez euren lagun boliviar bat dago gure zain, ez dakit zer guztiei izena eta azalpena jartzeko gogoz.

Urkupiñako Ama Birjina da halako jendetza erakarri duena Quillacollo-ko hautsez beteriko muino lehor honetara. Hainbatetan ikusitako santutegi kristau arrunt bat dela uste badugu ere, segituan konturatu gara gauza bitxiak ikusten direla hemen. Pachamama gora eta behera, edari txorrotadak lurrera han eta hemen eta diru faltsua lurrean zehar sakabanatua. "Sinkretismo erlijiosoa" esan du gure taldekide boliviarrak zalantza aurpegiarekin begiratu diogunean, "konkistatzaileen kristautasuna eta sineskera tradizionalen arteko porrusalda". Bertara gerturatzen ari diren ehunka sinestunek sortzen duten giro solemnea desegin egiten da taldeetan bilduta jostailuzko autoak eta etxeak maketa txiki bat balira bezala jarri eta konfetiz apaintzen ari direla ikustean. Benetan nahi dutenaren adierazpenak direla azaltzen digu gure boliviar bitxikerien gidak. Barbie-ren etxea eta Ken-en autoa amesten omen dute batek baino gehiagok.

Interesgarriena dena dela, Quillacolloko kaleetan barna itzuli garenean topatu dugu. Folklorea eta erlijioaren nahasketatik eratorritako 'entrada folklórica' bat ikusi dugu, inauterietako desfile handi bat iruditu zaiguna, baina jantzietan fluor kolorea hari guztietan sarturik duena. Bata bestearen atzetik, etenik gabe, Boliviako txoko ezberdinetatik etorritako taldeak jantzi eta maskara ederrak erakutsi dizkigute dantza eta quena haize instrumentuen erritmoan. Ez dugu Ama Birjinarik gurtu Ferrari bat izan dezagun eta ez dugu diplomatikoen bizitza erosoa ezagutzeko aukerarik izan, baina ikuskizun hau gozatzeko parada izatearekin, bost axola diplomatikoak eta amabirjinak.