Andrea Aguilera (Bilbo, 1997) artistak Banco Santander Fundazioak Open Studiorekin elkarlanean banatzen duen X saria jaso du. Altar a la silla izan da proiektu irabazlea, eta horri esker Madrilen ikastaldi bat egiteko aukera izango du. Martxotik ekainera izango da bertan, Espositivo aretoan. Bere lanak argazkilaritza izan du ardatz beti, baina bide eta modu berriak probatzen dabil orain Aguilera. 

Zer suposatu du zuretzat sari honek?

Aukera handia da saria jaso izana. Testuinguruz aldatzeko, Bilbotik kanpora ateratzeko, eta hiru hilabete badira ere, Madrilera joateko aukera ematen dit. Nik bakarrik aprobetxatuko dudan zerbait da, gainera. Orain denbora hori planifikatzen ari naiz, ekoizpen lan handia izango delako.

Zein aukera eskaintzen dizu sariak?

Open Studiok Madrilen dauka egoitza eta, beraz, urtero sari honek ikasketa bat eskain-tzen du bertan. Haien tailerra erabiltzen uzten didate, eta gero produkziorako eta egoitzarako ekarpen ekonomikoa ematen didate. Aurten ere, beste urte batzuetan egin ez dutela uste dut, Beatriz Alonso erakusketa-komisarioarekin egongo naiz, eta egonaldian haren lagun-tza izango dut.

Zertan datza ‘Altar a la silla’?

Ni argazkigintzatik abiatzen naiz, baina egia da orain performancea pixka bat lantzen ari naizela. Hala ere, ez dut neure burua performer-tzat hartzen. Aurkeztu dudan lana Altar a la silla da. Aulki horretatik lan egin dut, eta saiatu naiz aulkia objektu eta irudi gisa erabiltzen, eta gorputzarekin lotzen, baita eskulturarekin ere. Hori guztia performance-aren bidez, eser-tzearen ekintza izango litzatekeena. Beraz, amarruak erabiliz, luzatzeak, irudiak hartu eta beste objektuekin erlazionatzen ditut. Ikerketa lerro berriak deskubritzen ari naiz lanaren bidez. Aulkian esertzeko orduan, gorputzaren zurruntasuna edo gorputzaren leuntasuna ere aztertzen hasi nintzen. Gero, aulkiaren saretari erreparatu nion eta hortik abiatu nintzen.

Argazkietan, Andrea Aguileraren zenbait lan: ‘Rejilla’ Andrea Aguilera

Iaz Dortmunden egon zinen. Nolakoa izan zen esperientzia hori?

Lau hilabete izan ziren, Erasmus bekaren baitan, eta niretzat Bilbotik irteten nintzen lehen aldia izan zen. Bertara joatea erabaki nuen Dortmundeko (Alemania) Fachhochschule (Zientzia eta Arte Aplikatuen Unibertsitatea) interesatzen zitzaidalako, argazkilaritzan soilik zentratzen baita unibertsitatea. Aukera oso ona izan zen euskarri hori lantzeko, izan ere, Euskal Herriko Unibertsitatean ez da asko lantzen. Covid-19aren ondorioz ez nuen klase presentzial askorik izan, baina nire lehen proiektua garatzeko aukera izan nuen, baita askatasun gehiagorekin mugitzeko ere.

Zein izan zen lehen proiektu hori?

Tagebuch. 137 dias deitzen da. Tagebuch hitza egunerokoa da alemanez, eta 137 bertan egon nintzen egunak dira. Hilabete horietan Alemanian konfinamendu oso gogorra zegoen, eta bakardade handiko egunak izan ziren. Objektuekin lan egiten hasi nintzen, ez baitzegoen hainbeste jende nire inguruan.

2021ean Arte Ederretan lizentziatu zinen. Argazkilaritzarekiko interesa unibertsitatean sortu zi-tzaizun?

Graduko lehen urtean hasi nintzen kamera hartzen. Egia da txikia nintzenean interes hori banuela ere, baina DBHn eta batxilergoan beste gauza batzuetan zentratu nintzen. Ez nuen batxilergo artistikoa egin, adibidez. Eskulturak ere beti interesa piztu dit eta uste dut badagoela harremana eskultura eta argazkilaritzaren artean. Ez dakit den Euskal Herrian ikasi dudalako [dio barrez] baina uste dut eskulturatik ateratzen dela dena. Badago Nestor Basterretxeari buruz hitz egiten duen liburu bat zeinetan Pello Agirreren eta Asier Mendizabalen ida-tziak dauden. Uda honetan irakurri berri dut eta bertatik ikasi dut ere irudiari itzaletatik heltzean elementu eskultorikoak aurki ditzakezula.

Argazkietan, Andrea Aguileraren zenbait lan: ‘Espalda’. Andrea Aguilera

Nola izaten da argazkiak ateratzeko prozesua? Lehenagotik pentsatzen dituzu ala momentuan inprobisatzen duzu?

Bien arteko nahasketa da. Batzuetan kamerarekin ibiltzen naiz, eta interesatzen zaizkidan gauzei argazkiak ateratzen dizkiet. Beste ba-tzuetan, aldiz, aurretik pentsatutako ideia eta konposizioetan oinarritzen naiz. Artxibotik ere dezente lan egiten dut.

Azkenaldian argazkigintza analogikoak gorakada izan du. Zuk nola egiten duzu lan?

Nik, batez ere, analogikoan egiten dut lan. Kamera analogikotik lan egiten dut, analogikoaren mugek lagundu egiten didatelako sor-tzeko orduan. Digitalean argazkiak atera ditudanean, irudia hainbeste perfekzionatzen saiatu naiz, jada ez zaidala sentikorra irudi-tzen. Analogikoak duen inperfekzioa gehiago interesatzen zait.

Zein beste proiektu duzu esku artean?

Duela bi urte, gutxi gora behera, Trazas de Ronda lanarekin hasi nintzen Jaime Gutierrez eta Itziar Molinerorekin batera. Orain pentsatzen ari gara erakusketa non egin. Bestetik, azaroan erakusketa kolektibo bat egingo dut Bilboko Aire Galerian, Urkia Sanchez eta Juste Alijo Siuterekin. Bertan intimitatearen gaia jorratuko dugu. Proiektu bat baino gehiago, erakusketa bakar baterako egindako sorkuntza da.