Orriak pasa, pantaila ukitu, ‘play’ botoia zapaldu… Ekintza horiek guztiak funtsezkoak bilakatzen dira jendartearen egunerokotasunean. Paperek eta gailu elektronikoek irudikatzen dituzten hitz bildumak gaur egungo gizartean nagusi izan arren, soinua dagokion lekua bereganatzen doa. Istorioak zentzumen ezberdinetatik jasotzen ditugu, baina oraingo honetan entzumena da protagonista. Audio liburuen gorakadarekin batera, bidaia berri bati hasiera eman dio Alberdania argitaletxeak.
Irakurleek liburuak kontsumitzeko beste euskarri bat plazaratu du Alberdania argitaletxeak; audio liburuena, hain zuzen ere. Guztira, 14 audio liburu argitaratu dituzte; kalean oinez, kotxean, garraio publikoan, etxean, hondartzan, edozein une eta edozein lekutan istorioen barnean sartzeko parada eskainiz. Jorge Gimenez Bech (Irun, 1956) Alberdania argitaletxeko editoreak audio bihurtutako istorioen hautaketan adin ezberdinak kontuan hartu dituztela adierazi du: “Hamalau horietatik lau haur eta gazteentzako liburuak dira, gainontzeko hamarrak, aldiz, helduentzat”. Horretaz gain, argitaletxeak eskaintzen duenaren ‘panoramika’ berri bat eman nahiaren aurrean, ezinbestekoa zen Gimenezentzat bilduma erregistro ezberdinetako liburuz osatzea; alegia, eleberri eta ipuinen nahasketa egoki bat sortzea.
Ahotsa oinarri
Lankidetza audio liburu sorta berri hori argitaratu ahal izateko, editorearen arabera, “oso garrantzitsua” izan da Audioliburuak.eus enpresa espezializatuak egindako ekarpena. “Ekoizpena haien esku utzi dugu”, azaldu du Gimenezek. “Enpresa izan da liburua jaso, aztertu, irakurketarako prestatu eta esatariaren lana zaintzeaz arduratu dena”. Ahotsa jartzeaz arduratu direnen hautaketa prozesua ere bere gain hartu zuen enpresak. Zerrenda luze batetik liburu bakoitzerako esatari egokiena bilatzeko, haien ahotsa, musikaltasuna, doinua eta liburuarekiko hurbiltasuna izan dira kontuan hartutako irizpideak. Horietako kasu bat berezi samarra da, liburuaren egilea izan baita audio liburuaren esataria; Amaia Telleria, hain zuzen ere. Horren aurrean, aurten argitaratuko den hurrengo audio liburu sortan mekanismo bera erabili nahi dutela adierazi du editoreak.
Kasualitate bilatua
Argitaletxearen 30.urteurrena izanik, audio liburuen argitaratzea “kasualitate bilatu” gisa definitu du Gimenezek. Nazioarteko azoketan audio liburuen presentzia areagotzen zebilen, eta, era berean, atzerritik estatuak horren alde egindako apustu murriztuaren aurrean harrigarritasuna nabarmentzen ari zen, behar bat zegoela ukaezina bihurtuz. Euskarazko audio liburuen galera ezin da salbuespen gisa hartu, estatuko beste hizkuntzak, horien artean, galegoa eta katalana, audio liburuen mundutik baztertuta baitaude. Hori dela eta, Alberdaniak hasiera batetik defendatutako euskal literatura modernizatutako literatur kontsumo joera horretara batzeko erabakia hartu zuen; batez ere, Euskal Herriko autoreen lanak audio formatuan bilakatuz.
Editorearen arabera, formatu berritsu horren gorakada gailu elektronikoen gorakadarekin lotu daiteke: “Lanerako bidaietan, kaskoetan musika entzun ordez, liburuak entzuten dira”. Hala ere, joera hori bereziki Ipar Amerikan, Erresuma Batuan eta Alemanian dagoela azpimarratu du; batetik, irakurzaletasun handiagoa dutelako, eta, bestetik, joan-etorriak luzeagoak direlako.
“Hamalau horietatik lau haur eta gazteentzako liburuak dira, gainontzeko hamarrak, aldiz, helduentzat”, dio editoreak
Argitaletxea sortzerakoan, euskal literatura urmael egoeran zegoen, mugimendu gutxirekin. 30 urte geroago, autore berri gehiagoren agerpenak urmael horren desagerpena ekarri du, gizarteari euskal literaturaren panorama zabalagoa eskainiz. Zabalkuntza horretan laguntzeko, argitaletxeak Nuevas Voces de la Narratiba Vasca zigilua martxan jarriko du: “Gure asmo nagusietako bat hori delako ere, euskal idazleak laguntzea, gutxienez, gaztelaniako bidea egiten”.
Askok pentsatu dezakete kontsumo joera berri horrek gainontzeko euskarrietan eragin negatiboa eduki dezakeela, edo, beste hitz batzuetan esanda, etsai bihurtu daitekela. Editorea, baina, ez dator bat pentsamolde horrekin, eta baieztatu du bai liburu digitalek, fisikoek zein audio liburuek osagarritasuna dakartela. Azken finean, liburuen kontsumoa areagotzea helburu izanda, irakurlearentzat funtsezkoa da erosoago sentitzen den formatuan irakurtzea. E-bookaren prezioa horren isla da, argitaletxea liburu fisikoaren prezioaren %70etik behera ez jaistearen aldekoa baita. Modu horretan, euskarri bakoitzaren amortizazioa berdina izango da, balio bera emanez.
Seme-alabak oheratzean, hondartzara joatean, lanerako bidaia egiterakoan… Une horiek bereziago egiteko aukera ematen dute audio liburuek, errealitatea bizitzen den bitartean beste istorioen lekuko bihurtuz.