Euskal Ikasketetan graduatua, euskara irakaslea, baina, batez ere, literaturzalea da Julen Apella (Berriz, Bizkaia, 1998). Literatura Konparatuko ikasketak ere egin ditu. Berriztarrak azaldu du unibertsitate garaian zaletu zela irakurtzera eta idaztera. Are gehiago, uste du batak bestea ekarri duela. Urteetan biltzen joan da poemak, eta horiek Balea Zuria argitaletxeak argitaratutako Postal bat desertuan lanean jaso ditu. Hain justu, bilduma horrek jaso zuen 2023ko Donostia Kultura Saria.

Nola ekin zenion orain liburua den bilduma horri?

Uste dut Euskal Ikasketen lehen mailan hasi nintzela idazten. Nahiko forma kaotikoan eta baldarrean egiten nuen, esperimentatzen ari nintzen. Poema horiek apurka-apurka pilatzen eta pilatzen joan dira eta momentu batean sentitu nuen ezer egin ezean geldituko zirela ordenagailuko karpeta batean hautsa hartzen. Azken urtea, berriz, lehiaketaren aitzakiarekin, aukera ona izan da neukana ordenatzeko eta koherentzia bat emateko, berrirakurtzeko, atontzeko… Urte horretako lana izan da gehien bat Postal bat desertuan.

Erreferentziak azpimarratzen zituzten epaileek, besteak beste. Zeintzuk dira zure erreferentziak? Nondik edaten duzu?

Uste dut idazten dugun guztiok, gehiago edo gutxiago, denok ditugula erreferentziak. Nire kasuan nahiko despistatua naizela esango nuke. Poesian baditut gustatzen zaizkidan idazleak: Cristina Peri Rossi, Frank O’Hara, Rimbaud… Uste dut gero agertzen diren erreferentzia asko ikus-entzunezkoetakoak edo narratiba lanetakoak direla. Oso presente daude erreferentziak nik neuk ere ez dudalako konplexurik aitortzeko. Poema bat idatzi badut Austerlitzeko pertsonaia baten inguruan, gustatzen zait aitortzea, eta irakurleari ere pistak ematea eta azaltzea.

Eta zein izan da idazketarekin izan duzun lehen esperientzia?

Idazketarekin baino gehiago, lehen esperientzia irakurketarekin izan dut. Idazketa izan da, azken finean, irakurzaletasunaren hedadura bat. Eskutik joan dira. Idazten dudanean, nire buruan jarduera oso antzekoak imajinatzen ditut. 

Euskal literaturari erreparatuta, urteetan ez da gazterik izan. Azken bi urteetan, berriz, ematen du ari dela pixkana belaunaldi bat agertzen: Oihana Arana, Leire Vargas, Elena Olave, Itziar Ugarte… Non daude idazle gazteak?

Nik uste dut egon badaudela, eta esango nuke argitaratu dugunok izango garela icebergaren tontorra. Askoz gehiago izango gara guztira, baina gu izan gara aukera edo zortea izan dugunak gure lanak publikatuta ikusteko. Baina borondatea egon badago, eta positiboa da belaunaldi berriak entzutea. Pozgarria da jende gaztea idazten dabilela jakitea, ikuspegi berriak lantzeko aukera dagoelako.

“Pozgarria da gazteak idazten dabiltzala jakitea, ikuspegi berriak lantzeko aukera dagoelako”

Baina tontor horren azpian daudenak zergatik ez dira argitara ateratzen orduan?

Izan daiteke argitaletxeetara bidaltzea haien lanak eta editoreek ez onartzea. Baina egia da, era berean, argitaratzeaz aparte, espazio gutxi dagoela gure lanak gizarteratzeko. Gutxi batzuk badira, Durangaldeko Berbaz aldizkaria, adibidez, eta beharrezkoak dira. Bestela, batzuek zailtasunak izango dituzte lehiaketetako saridun bakarrak baldin badira publikatzen bakarrak.

Gazteen artean publikatzen hasi zareten asko poesiara gerturatzen ari zarete. Kasualitatea?

Ez dakit. Ez dakit gaztetasunarekin lotutako zerbait izango den. Nire kasuan, poesia izan da literaturara egin dudan lehen gerturatzea. Baliteke ikuspuntu praktiko edo funtzional batetik ere egin izana, azkenean, eleberri bat idazteak denbora eta diziplina handiagoa eskatzen duelako. Edo niri behintzat hala iruditzen zait. Nik bai sentitzen dudala poesiak askatasun eta malgutasun handiagoa ematen didala, horrek bultzatu nau poesia egitera. Baina ikuspuntu orokorra osatzeko jende gehiagori galdetu beharko litzaioke.

Era berean, sareetako erabiltzaile eta idazle batek idazle-gazte-gizonez galdetzen zuen orain ez gehiegi. Feminizatzen ari ote da tradizioz gizonena izan den mundua?

Egia da, eta aipatu izan den kontua da. Horrekin batera irakurle klubena ere aipatzen da: saioetan parte hartzen duen gehiengo handi bat emakumeek osatzen dute. Eta, orokorrean, irakurleei erreparatuta, gehienak emakumezkoak dira gaur egun. Desplazamendu bat egon da, urteetan oso maskulinoa izan dena ari da aldatzen, beste esparru batzuetan bezalaxe. Interesgarria litzateke jakitea zergatik gertatu den, eta non dauden idazle gazte gizonezkoak.

Beste ezeri ekiteko gogoz al zaude?

Momentu honetan ez daukat beste proiekturik. Nahiko zentratuta nago honetaz gozatzearekin eta eman didan guztia kudeatzearekin. Pentsatzen dut egunen batean itzuliko dela sortzeko bulkada hori, baina ez da loa kentzen didan zerbait. Ikusiko dugu poesiara itzuliko naizen edo beste generoekin ausartuko naizen.