Ur sakonetan hondoratuta zeuden euskal emakumezko zinemagileak, ezkutuan gordeta. Andre horien bizipenak, eta euren lanak, gainazalera ateratzeko saiakera bat egin dute Bertha Gaztelumendik (Irun, 1962) eta Rosa Zufiak (Tutera, 1958).

Euskal zinemagintzaren itsaso zabalean murgildu dira, ikusezinak ziruditen emakumezko zinemagileen lanak eta ahotsak topatu asmoz. Bilaketa, hautaketa eta antolaketa horren emaitza da 'Arnasa Betean', euskal emakume zinemagileak dokumentala.

Hainbat belaunalditako 19 zinemagileren testigantzak eta beraien obrak bildu dituzte dokumentalean. Horiekin batera, Pilar Rodriguez ikerlariaren ahotsa eta beste hainbat zinemagileren lan txatalak aurki daitezke piezan. Hiru urpekariren fikziozko istorioak gidatzen du filma.

Nola jaio zen dokumentala sortzeko ideia?

Bertha Gaztelumendi: Nik beti egin ditut emakumeen gaiekin lotutako dokumentalak. Beti deigarriak egin zaizkidan argumentuak emakumeen munduarekin lotuta egon dira. Orduan, deigarria egin zitzaigun baieztatzea jende askok zailtasunak dituela 2-3 emakumezko zinemagile aipatzeko. Konturatu ginen gabezia bat zegoela, eta gabezia hori bete nahian sortu zen ideia hau. Gainera, aspaldiko lagunak gara Rosa eta biok.

Rosa Zufia: Berthak eta biok zinema programa batean ezagutu genuen elkar; ETBren Ikusmira programan. Gainera, zinemaldi batean hasi ginen elkarrekin lanean. Hau da nire lehen filma, baina nire lana zinemarekin eta feminismoarekin oso lotuta egon da beti.

Guztiz naturala izan da guretzat gai honetan murgiltzea. Eta, gainera, une egokia da. Emakumezkoen zinemagintzak bizi duen loraldia ikusita, naturala da une honetan atzera zein aurrera begirako lan hau egitea. 

Hutsunea aipatu duzue. Beraz, hutsunea ez da emakume zinemagile gutxi daudela, baizik eta ez ditugula ezagutzen?

R.Z.: Bi gauzak dira. Gutxi izan dira, nahiz eta orain egoera aldatzen ari den. Orain gutxira arte oso oso gutxi ziren; eta, gainera, ikusezinak

Baina, aldatzen ari da egoera… Zerk eraginda dator loraldia?

B.G.: Ibiliaz bidea egiten da. Aitzindariak egon dira eta utzi dute erreferente bat. Gaur egun eszenan dauden gazte ia guztiek aukera izan dute zinema eskoletara joateko. Bestetik, orain laguntzak daude. Ekoiztetxeek diru laguntza bereziak jasotzen dituzte zinemagileak emakumezkoak direnean. Nik uste hor egon dela aldaketa. Finantzaketa arazoak beti egon dira mahai gainean. Konfiantza falta horrek ekarri du berarekin aurrekontuak beti murritzagoak izatea emakumezkoentzat eta gizonek baino askoz ezezko gehiago jaso dituzte. 

R.Z.: Zineman finantzazioa ezinbestekoa da, eta arazo asko izan dituzte finantziatzeko. Gainera, taldeko liderra izan behar zara, eta hori zaila egiten zitzaien emakumeei orain gutxira arte.

"Oso esperientzia traumatikoa izan da niretzat batzuetan; jendeak ez du irudikatzen zer den pelikula bat egitea"

Rosa Zufia - Dokumentalaren zuzendaria

Finantzaketari dagokionez, neurri zehatz bat aipatu duzue. Ekoiztetxeek diru laguntza bereziak jasotzen dituzte emakumezkoek zuzendutako edo emakumezkoez osatutako lan taldeak dituzten proiektuak aurkezteagatik. Neurria positiboa da ala azaleko aldaketa al da? 

R.Z.: Esango nuke elkarrizketatu ditugun zinemagile ia guztiek (denei ez genien galdetu), 19 dira guztira, horren alde daudela. Behar-beharrezkoa ikusten dute. Baliteke gizon batzuen kalterako izatea, baina trantsizio garai batean gaude eta une honetan beharrezkoa da. Aurrerago, ikusiko da zer gertatzen den. 

B.G.: Berdintasunik gabeko egoera batetik ateratzeko beharrezkoa da beti bultzada eta babesa. Aldeko asko entzun ditugu, ez dut gogoan inork kolokan jarri duenik. Horrelako neurriek beti erresistentziak sortzen dituzte, gauzak aldatzeak beti dakar errezeloa eta egokitu beharra egoera berri batera. 

Irudian, grabazio taldea, dokumentaleko pasarte bat grabatzen Tentazioa

Pilar Rodriguez ikertzailearen testigantza jaso duzue. Zergatik txertatu duzue Pilarren ahotsa?

R.Z.: Besteak beste, dagoeneko bizirik ez dauden edo jaso gabe geratu zaizkigun emakumezkoen hitzak jasotzeko. Pelikulan izan ziren horien edo zine mundutik at dauden horien inguruko azterketa egiten du Pilarrek.

Emakume zinegileen ekarpena bildu nahi izan duzue. Zuen ustez, zein da emakume zinemagileek egin duten ekarpen nagusia?

B.G.: Hau da gakoa. Emakumezkoek egindako lanak oso anitzak dira, ezin esan profil bati erantzuten diotenik emakumezko zinegileek; baina, gaiak jorratzerakoan, maiz ikusi ditugu egunerokotasunarekin harreman handia duten gaiak.

Gaiaren tratamendua oso gertukoa da. Baita pertsonaiarena ere: emakumezko pertsonaia gehiago ikusi ditugu emakumeek sortutako pelikuletan eta sortu dituzten pertsonaia femeninoak ahaldundutako andreak dira, estereotipoei aurre egiten dieten pertsonaiak dira. Aurretik egindako film askotan oso estereotipatuak daude emakumezkoen eta gizonezkoen paperak.

Pertsonaien trataera ekarpen bat da. Bestetik, oso aurrekontu murritzekin ekoiztea egokitu zaie, eta, ondorioz, gauzak egiteko modu berriak topatu behar izan dituzte. Beharrizan horrek forman ondorioak ditu.

R.Z.: Irudiaren aldetik ere ikusi dugu gorputzak erretratatzeko modua ezberdina dela kasu gehienetan. Gainera, inguruko errealitateaz kezkatzeaz gain, euren barne mundua erakusten digute gizonek baino askoz gehiago. Ahaztu gabe euren artean dagoen aniztasuna. Hori ere aldarrikatzen dute eurek, eskatzen dute denak saku berean ez sartzea.  

Aniztasuna ukatu gabe, ba al daude testigantza eta elkarrizketa horietatik errepikatzen diren ideia, kezka eta ezinegonak?

B.G.: Denei ez dizkiegu gauza berdinak galdetu, baina, adibidez, zinemagintzan eta industrian emakumeen baldintzak eta egoera aztertzerakoan kointzidentzia handiak daude. Batez ere, bat datoz esaterakoan sistemak bideak eginda dauzkala, eta bide horietatik ateratzea oso zaila dela.

R.Z.: Finantzazioa lortzeko zailtasunak, berandu hastea dakarren pelikula gutxi egiteko aukera, nahi zutena egiteko ezintasuna eta ikustasun eza. 

19 zinemagile, ikerlari bat ta 43 film txatal. Nola egin duzue hautaketa, bilduma…? Nortzuk osatzen dute filma?

B.G.: Pelikula pila bat ikusi ditugu, filmotekan egon gara orduak eta orduak eta horrek eman digu gidoi baten egitura. Gidoiak eskatzen zuenari erantzuten joan gara zinegileak aukeratuz, jakinda ezin genituela denak sartu. Ez da izan kronologikoa, baizik eta gai ezberdinetan oinarritutakoa. 

Nolakoa izan da sortze prozesua?

B.G: Filmotekan orduak eta orduak pasa genituen. Behin pelikula guzti horiek ikusita gure arteko eztabaidak, gogoetak eta nondik heldu gidoiari aztertzen aritu ginen. Hala ere, pelikula guzti horiek ikusi ondoren, pauta batzuk bagenituen. Erabaki genuen kronologikoki ez egitea ezer, baizik eta errepikatzen ziren edo pelikula askotan bat zetozen gaiak markatzea.

Bazeuden errepikatzen ziren 6-7 gai: genero indarkeria, gatazka, bidaiak, gerra, emakumeen unibertsoa… Horrez gain, bagenekien itsasoak izango zuela oso toki nabarmena gure dokumentalean. 

"Aurretik egindako film askotan, oso estereotipatuta egon dira emakumezkoen eta gizonezkoen paperak"

Bertha Gaztelumendi - Dokumentalaren zuzendaria

Hortik, filmaren hari diren urpekariak… Nola heldu zen ideia? Zer adierazi nahi duzue?

B.G.: Hiru urpekarik parte hartzen duten fikzioa egin genuen, itsaspean. Paraleloan gertatzen den fikziozko istorio txiki bat da, hain justu, dokumentalari tira egiten diona.

Itsasoa da dokumentalaren haria. Benetako erronka izan zen itsaspeko irudi horiek hartzea. Aurkitu duguna izan da ezkutuan zegoen aniztasuna, aberastasuna eta kalitatea.

R.Z.: Itsasoa askotan agertzen da askatasuna irudikatzeko. Urpekariek gidatzen dute pelikula. Apnean urperatzen diren urpekarien bitartez zeharkatu ditugu atzoko eta gaurko zinemagileen lanak eta bizipenak.

Argazkian, filmean parte hartu duten urpekarien irudiak grabatzen Tentazioa

Kazetaritzan gehiago aritutakoa bata, Rosa; zinemagintzan esperientzia gehiago daukana bestea, Bertha. Nolakoa izan da bion artean zuzentzea?

R.Z.: Oso esperientzia traumatikoa izan da niretzat batzuetan; jendeak ez du irudikatzen zer den pelikula bat egitea. Nik lan asko egin dut zinemaren inguruan, baina hau izugarria da. Ezinezkoa izango litzateke pelikula hau bakar batek egitea. Dena egin dugu erdibana. Esaldia batek hasi eta besteak bukatu.

Estreinaldia heltzear da. Hilaren 26an estreinatuko duzue filma, Donostiako Zinemaldiaren Euskal Zinemaren Galan. Helburua beteta?

B.G.: Asmoa hori zen, baina beste gauza bat da heldu izana. Oso pozik gaude.

R.Z.: Zinemaldia beti izan da erreferente bat guretzat; ez dugu sinesten eta oso eskertuta gaude.

Fitxa artistikoa

Urpekariak: Erea López, Lara Larrañaga, Ainhoa Incógnito


Zinemagileak: Leire Apellaniz, Maddi Barber, Ana Díez, Arantxa Echevarria, María Elorza,

Iratxe Fresneda, Mireia Gabilondo, Isabel Herguera, Lara Izagirre, Marina Lameiro, Ana Murugarren,

Maider Oleaga, Izibene Oñederra, Maite Ruiz de Austri, Alauda Ruiz de Azúa, Arantza Santesteban,

Helena Taberna, Esti Urresola, Bego Vicario


Ikerlaria: Pilar Rodriguez 


Arraunlariak: Elorri Arin, Morgane Baud, Ainhoa Etxenik, Ihintza Urtxegi