Eider García Garikano 27 urteko donostiarra da. 2024ko urtarrilean gaur Gariko Studio deitzen den proiektuarekin hasi zen, Londresen bost urte igaro ondoren. Donostiako azken jostunarekin, Antonio Pascualekin, ikasi zuen josten; eta gaur egun esan dezakegu Pascual jauna ez dela hiriko jostun bakarra.
2024an ateak ireki zituen Garcia Garikanoren estudioak, eta hainbat bezero ez ezik, lortu du bere sorkuntzen bidez bere oinarriak eta Euskal Herriko identitatea uztartzea. Kontraesanetan murgilduta dagoela konplexurik gabe onartzen du, baina, bide horretan moda kontzientziaz egin daitekeela uste du. Bere bezeroen artean, Janus Lester abeslaria dago, baita Merina Gris taldea ere. Bigarren honentzat egindako lanak aurkeztu gabe dude oraindik.
Moda hitzaren barruan termino asko nahasten ditugu: jostuna, diseinua, materialak… Moda mundu horren baruan, nor da Eider García Garikano?
Artisau bat, azken finean eskuz egiten ditudalako arropak. Oso pertsonalizatuak dira, neurrira, pertsonen morfologiara egokituz. Haiek dauzkaten ideiak irudikatzeko espazio bat ematen diet, haiek nahi dutena izan dezaten. Merkatuan eskaintza hori ez dutenez aurkitzen, niri espazio bat sortzen zait haiek nahi duten hori egiteko. Artisaua naiz, diseinatzaile puntu batekin.

Prozesu luzea izan da moda ikastea?
Nire ustez prozesua ez da inoiz buka-tzen. Klixea ematen du, baina beti berrikuntzak daude, adibidez, ehun organikoekin. Moda, horrela esanda, gaur egungo egoera sozioekonomikoaren isla da, eta hori oso aldakorra denez, moda ere aldakorra da.
Zure kasuan, estetikatik haratago doan profesioa da…
Bai, nik patroigintza eta jantzigintza ikasi nituen, baina produkzio industrialari begira, enpresan lan egiteko, neurriei jarraituz, ekoizpena maximizatuz… Modaren aspektu hori ezagutu behar da, baina nik ikusi nuen hori ez zela nire lekua. Ekoizpen mota hori ez zelako pertsonala, diruaren oso menpekoa zelako. Bezeroa ez zen garrantzitsua, eta ekosistema are gutxiago. Ni artisau alorrean zentratu naiz, joskintzan, eta hori ehun nobleekin lan egitean oinarritzen da. Animalietatik datozen zuntzak dira, eta noski, horretan ere kontraesanak daude. Nire kontraesanak dauzkat, eta kontraesan horietan nabil: zelan kontzientziatu jendea arropa ez dela hilabetero erosi behar duzun zerbait. Ondo ekoiztuz, hamarkadak iraun ditzakeen arropa sor daiteke. Hori da nire helburua, memoria eta sentimenduak dituen arropa sortzea, nostalgia pixka bat sortu arropek bizi izan dutenarekin.

Kontraesan asko daude zure profesioan?
Kontuan izanda moda ez dela oinarrizko produktua, bai, hori jada kontraesan bat da, ezta? Ez da beharrezkoa den zerbait, baina ikusten duzu zelan egiten diren arropak beste tokietan, zuk zureari prezioa jarri behar diozu… Hemen eginda daudelako, eskuz eta ehun noblez. Bai, noski, kontraesanak daude. Bakoitzaren lehentasunak sartzen dira jokoan, ezta? Nik ulertzen dut prezio bat ordaindu nahi ez izatea, baina ere ulertzen dut badagoela jendea nahi duela honetan inbertitu, epe luzerako zerbaitetan. 20 euro balio duen praka bat erostean, ez dugu pentsa-tzen atzean dagoen lan guztian. Zenbat izan behar da arropa hori sortzearen prozesuan dauden langileen soldata, zuk hori prezio horretan erosi ahal izateko?
‘Fast fashion’-aren garaia bizitzea tokatu zaigu. Zuk, berriz, neurrira eta egun organikoz lan egitea erabaki duzu.
Esperientzia pertsonalagatik aukeratu nuen, lagunen eta familiaren iruzkinengatik, ez? Joan direla zerbait erostera eta neurriak ez direla egokiak… Morfologia asko daude eta morfologia horietara egokitzea garrantzitsua da. Neurrien mundua ikertu nuen, eta ekoizpen mota horrek ez ditu morfologia ezberdinak kontuan hartzen. Ehunen aldetik, ehun sintetikoek bere onurak dituzte, baina kontaktu zuzenean azalak erreakzionatu egiten du. Azalarekin kontaktuan dagoen lehenengo kapa hori, transpiratzen utziko dizun ehun noblez egindakoa izatea garrantzitsua da.
Zure sorkuntzen barruan, Euskal Herrira hobekien egokitzen den jantzi bat sortu duzu, zira 003 deiturikoa. Produktu horrek, agian, ondo azaltzen du zure markatik eskaini nahi duzun hori?
Bai. Nire oinarrietako bi nire aitona eta nire amona dira, eta haien estetikatik atera dut ziraren bolumena. Nire aitonak zeuzkan puntuz egindako jertse batzuk tripara egokitzen zirenak, nik hartu ditut jertse horiek eta bai, triparen forma daukate. Zira nire aiton-amonen arropen isla da. Aldi berean, nahasketa bat da, niri asko gustatzen zaizkidan bolumenak sar-tzen dira. Ohikoak ez diren lekuetan gustatzen zaizkit bolumenak, adibidez, atzeko partean. Korte garbiak gustatzen zaizkit, eta honek badauka. Manga kimonoa dauka, eta nire obsesioetako bat da, ondo geratzea zaila delako… Balenciaga horretan onena zen. Horretan sartzeko gogoa nuen eta egia esan jendearen iritzia oso ona izan da.