Síguenos en redes sociales:

AntzerkiMAIA ANSA DIEZ DE UREZAktorea

“Objektuen antzerkiak unibertso bat irekitzen du”

‘Hariak, oroitzapenen kutxa’ antzezlanari tiraka heriotza, doluminak, galera eta tabu diren beste gaia asko oholtzara eramatearen garrantziaz mintzo da Maia Ansa Diez de Urez aktorea

“Objektuen antzerkiak unibertso bat irekitzen du”Asier Corera

“Zaugarritasuna”, “xamurtasuna” eta “emozionalitatea”. Hitz horiek baliatu ditu Maia Ansa Diez de Urez aktoreak (Gaintza, Nafarroa, 1990), Pajaros Pintados antzerki konpainia nafarra deskribatzeko. Teatro del Cuervo konpainia asturiarrarekin batera, Hariak, oroitzapenen kutxa antzezlana taularatu dute. Atarrabiako kultur etxean (Nafarroa) egin dute estreinaldia, eta joskintza aitzaki, galerez mintzatu dira. Traje bat lantzeak eta aita eta alaba baten arteko hartu emanak gidatzen dute obra. Aitak oroimena galtzen duela hautematen du; eta, aldi berean, alabak desegiten ari dena berreskuratu nahi du. 

Antzezlan berria estreinatu duzue. Nola sentitzen zara estreinaldien bueltan?

Sorkuntza prozesuan, muntaiaren eta materialaren sorkuntzari dagokionez, aktore taldetxo bat lanean aritu gara, baina momentu batean eszenatik atera, eta beste rol batzuk hartu ditugu. Orain arte, batez ere aktore lanetan aritu naiz, orduan, erronka handiago izan da eta estreinaldi honetara bereziki nekatuta iritsi naiz. Esate baterako, emanaldiak iraun bitartean argiak maneiatzen ibili naiz eta zuzendari laguntzaile lanetan ere. Nahiko intentsua eta berezia izan da. 

Manuela Orbegozo eta Maia Ansa aktoreak.

Rol aldaketak gauzak hobeto ulertzen lagun dezake? 

Bai, erabat. Rol aldaketak oso mugimendu interesgarriak sortzen ditu talde mailan zein maila pertsonalean. Diziplina anitzeko lan bat da. Orduan, adibidez, bat-batean ulertzea nola fun-tzionatzen duen argien dramaturgiak, beste leku batean kokatzen zaitu. Oso aberasgarria da ikustea produkzioari dagokionez, zenbat gauzetan egon behar zaren eta zenbat lan txiki egin behar diren gero produkzioak funtzionatzeko. Zuzendaritzaren kasuan, zenbat kapa eta konplexutasun dauden ikustea ere oso interesgarria izan da.

Memoriaz mintzo zarete. Nondik landu nahi izan duzue?

Esan ohi dugu bizitzaz hitz egiten dugunean nahitanahiez galerak eta absentziak agertzen direla. Denok konpartitzen dugun zerbait da, eta horri ere espazioa eman nahi diogu sorkuntzetan. Modu poetikoan landuta, metaforak erabilita, gertutasunetik, xamurtasunetik, baina tabuak diren zenbait gai jorratu nahi ditugu: heriotza, adibidez. Memoria ariketa egitea nortzuk garen, zer garen eta nondik gatozen ulertzen eta egungo testuinguruan kokatzen laguntzen digu. Norbanakoon bizi-tzetan beti hutsuneak ditugu, isilik gorde diren gertakizunak, ezkutatu diren bizipenak; eta askotan bada horri lekua emateko beharra nahiko behar unibertsala da. 

"Norbanakoon bizitzetan beti hutsuneak ditugu, isilik gorde diren gertakizunak, ezkutatu diren bizipenak, eta askotan bada horri lekua emateko beharra”

Paule Bilbao . Aktorea

Zuen lanetan orokorrean oso presente dago, ezta?

Sustraiak, jatorria, eta horrek denak ezaugarri-tzen gaitu, eta nahiz eta bakoitzaren bizipenak ezberdinak izan eta horrekin daukagun harremana askotarikoa izan, pertsonon bizitzetan pisua duen zerbait izan ohi da. Gure sorkuntzetan oso presente dagoen gaia da. Maila sozial eta politikoan ere bada memoria ariketa egiteko beharra, gertakari historikoei aitortza egiteagatik, eta baita nondik gatozen eta nortzuk garen ulertzeko berebiziko beharra. Horregatik, herio-tza, doluminak eta beste gai gordin eta emozionalak presente daude egiten ditugun sorkun-tzetan. Azkenean, bizitzaren parte dira, eta guk heldu ohi diegu, besarkatu, errealitatea den horrekin bakeak egin eta onarpenaren saiakeran jardun. Zaurgarritasuna, xamurtasuna eta emozionalitatea dira konpainia gisa egituratzen gaituzten elementuetako batzuk. 

Objektuen antzerkia egiten duzue. Zertan datza?

Objektuen bidez egunerokoan ez den beste zerbait irudikatu ahal izatea da objektuen antzerkia. Adibidez, [edalontzia eskutan], baso hau, bere forma eta testurarengatik, zer beste izan daiteke baso bat izan ezik? Baso hau izan zitekeen itsasoa. Kasu honetan da objektuen bidez, pertsonaiak irudikatzea. Gure kasuan, jostundegiaren unibertsoan dauden elementuak pertsonaiak dira. Adibidez, zinta metrikoak aita irudikatzen du. Elementu horiek baliatzen ditugu istorio bat kontatzeko. Esanahi bat ematen diozu objektu horri, eta eta momenturen batean azaltzen duzu pertsonaia hori irudikatzen duela.  

Jolasteko aukera asko eskaintzen ditu horrek?

Noski, eta oso irudi ederrak sortzen ditu. Objektuen antzerkiak unibertso bat irekitzen du. Objektuek asko iradokitzen digute. Objektu bat begiratzen duzu, eta imajina dezakezu zein den bere istorioa, nondik datorren, zein eskuetatik pasa den, zein erabilera eman zaion…

Beste irudietan, Manuela Orbegozo eta Maia Ansa aktoreak.

Barrenetik sortzen duzue. Norberaren itzalak agertu daitezke sormen prozesuan?

Etengabe. Horrekin lan egiten dugu. Gure lan egiteko moduagatik, nahitaez atera behar dira gureak diren itzalak, gatazkak, minak, beldurrak eta zaurgarritasunak. Zintzotasunetik egiten dugu aktore lana. Orduan, gai bat lantzen duzunean jakin behar duzu zuk zein harreman daukazun gai horrekin. Bestela, nolabaiteko faltsukerian eroriko ginateke. Ez duzu zertan irudikatu behar zure bizipenak izan dituen pertsonai bat, baina bidai pertsonal bat egin behar duzu ikusteko nola kokatzen zaren gai horrekin. Lanketa egiterako orduan zauritik pasatzeko prest egon behar gara. Gure taldean absentziarena, galerarena eta beste, behin eta berriz agertzen diren gaiak dira, komunean ditugun zenbait bizipenengatik. Ostean, unibertsalizatu egin ditugu.

Sormen prozesu batean noiz amaitzen da bilaketa?

Bilaketa ez da inoiz bukatzen. Olaiaren lorategia-rekin 70 emanaldi egin ditugu, eta bila-tzen jarraitzen dugu. Bizirik mantentzeko modu bat da. Bilaketa ez da inoiz amaitzen, beti hazten ari zara. Egiten duzu estruktura bat eta muntaia bat, eta estreinaldira begira epe batzuk bete behar dituzu. Alabaina, horrek ez du esan nahi, estreinaldia eta gero lanketa egiten jarraitu ezin duzunik. 

Beste irudietan, Manuela Orbegozo eta Maia Ansa aktoreak.

Horrelako ariketen ostean, nola egiten duzu zeurera itzultzeko?

Uste dut hustuta eta beteta geratzen zarela. Dena ematea da, orduan, ziurrenik leher eginda amaituko duzu eta sentituko duzu zure gorputz osoa jarri duzula. Emanaldiaren arabera modu batean edo bestean zeharkatzen zaitu. Ez da zurera itzultzea, baizik eta zuretik egiten duzun zerbait. Behin eta berriz zure buruarekin buruz buru jartzen zaituen, eta aldi berean bakeak egiten laguntzen dizun ariketa bat da. Osatzen, garbitzen eta askatzen laguntzen dizu. Helburua berez ez da hori, baina bidetik gertatzen da. Zurea zenuen horrek oihartzun handia hartzen du. Finean, ariketa kolektibo bat da.

Estreinaldia baino lehen ‘work in progress’ bat egin zenuten. Zertan laguntzen dute horrelakoek?

Pista pila bat ematen dizkizu. Sorkuntza prozesu batean zaudenean, unibertso horren baitan sartzen zara eta askotan ikuspegia galtzen duzu. Orduan, ez dakizu zein puntutara arte ulertzen den kontatu nahi duzun istorioa. Publikoa ezinbestekoa da eta publikoak ematen dio zentzua antzerkiari. Norberak bere bizipenetara eramango du, baina behintzat publikoaren iruzkinek laguntzen dute jakiten zer ulertzen den eta zer ez. Antzezlanean off ahots bat dago, baina aktoreek ez dute ahozko hizkera erabiltzen. Orduan, hitzik gabe kontatzea erronka handia izan da. Zentzu horretan, publikoaren iruzkinek kokatu egiten gaituzte.

"Gure lan egiteko moduagatik, nahitanahiez atera behar dira gureak diren itzalak, gatazkak, minak, beldurrak eta zaurgarritasunak”

Paule Bilbao . Aktorea

Asko jolasten duzue hizkuntzarekin. Euskaraz eta gaztelaniaz egin ohi dituzue obrak. Orain ‘Olaiaren lorategia’ antzezlanean asturiarrez ere. Zergatik hautu hori?

Abiapuntu bezala gure lurraldeetan dauden hizkuntzak modu organikoan erabiltzen ditugu. Proiektua ezaugarritzen duen zerbait da. Adibidez, Olaiaren lorategia-n, hiru hizkuntza horien arteko elkargune bat ematen da. Edozein hizkuntzatan egiten dugularik, kantak berdin mantentzen dira. Orduan, Asturiaseko herri batean asturiarrez egiten badugu, Xalbadorren heriotzean ere dago. Ederra iruditzen zaigu hizkuntza horien arteko harremanak eta lotura egitea. Gainera, hizkuntza bakoitzak unibertso bat eskaintzen digu. 

Zein puntutan dago momentu honetan Pajaros Pintados konpainia?

Uste dut ibilbide interesgarria egiten ari dela konpainia. Adibidez, Olaiaren lorategia an-tzezlanak oso leku interesgarrietara iristeko aukera eman digu. Gure lana ikusarazi ahal izan dugu eta erreferentziazko zirkuituetan egon gara. Zentzu horretan oso pozik gaude lortutakoarekin. Etengabe hazten ari gara eta talde bezala egonkortzen. Asturiaseko konpainiarekin egin dugun elkarlana oso aberasgarria da. Ibilbide luzea dauka eta lan egiterako orduan konplizitate handia dugu. Gu igual konpainia gazteagoa gara, baina denbora gutxian ibilbide oparoa izan dugu. Espero dugu hazten eta egonkortzen jarraitzea eta zentzu guztietan gure lekua bilatzea.

 Erraza da bidean mantentzea?

Antzerkigintza aritzea erresistentzia ariketa bat da. Etengabe sostengatzeko moduak bilatzen gabiltza. Ofizio honek dakartzan gauza bat da. Ziurgabetasunarekin eta ezegonkortasunarekin borrokan egon behar zara etengabean. Aldi berean, produkzioak aurrera eramateko baliabidean bilatzen ibili behar zara. Maila pertsonalean, erabateko inplikazioa behar da, bestela ezinezkoa delako. Orduan, etorkizunari begirako bilaketa egiten ibili behar zara, baina aldi berean, momentukoa bizi behar duzu ez dakizulako bihar zer izanen duzun. Horrenbesteko desira eta ilusioa dugunez, horretan gabiltza.