rri hondarreko eguzki goxo-goxoa hurrupatu nahian gabiltza, luzaroan azken printzak izanen direlakoan, udaberrira arte etxean giltzapetuko gaituztelakoan. "Ez nau izutzen negu hurbilak€" kantatu dugu inozo-inozo "uda betezko beroa" zenean, udako "orainak geroan ere iraunen" zuelakoan, negua urrun genekusanean, negurik izanen ez zelakoan. Plaza eta karriketako jarlekuak oro harturik daude egunotan, arratsalde erdian, batez ere. Haurrak nonahi jostetan. Jarlekua harrapatzeko zortea izan ez dutenak, berriz, paseoan, ibilian, dela Arga bazterrean, dela lorategi ederretan, etxera itzultzeko ordua atzeratu nahian. Gero, gauak bere begi beltza darakutsanean, jarlekuak pixkanaka husten dira, etxe barneak jendez bete bidenabar. Asteburua iritsita, berriz, mendia dugu denok amets, eta mendi bazterrak oro betetzen ditugu, zomorro zikin horrek tontorrak joko ez dituelakoan. Hirian nahiz mendian, dena den, galdera erantzun gabeak gelditzen dira zintzilik, zilegi baita galderak agintariei egitea, zeren, egungo atakaren munta ikusirik, argi dago haiek ere ez baitzirela negu hurbilaren beldur uda betea zenean. Eta heldu zaigu. Hartzak bagina, zuloan sartu eta negualde osoa emanen genuke lozorro, udaberria ate joka etorri arte, hau da, iratzarri eta kanpora atera arte. Bitartean, oinarrizko eskubideak hibernatuko dizkigute; gero eta gehiago, ataka gaiztotu ahala. Horregatik, unean uneko zirrikituak baliatu beharko aitzina egiteko. Sorkuntza, kultura, bide ezinago aproposa izan daiteke goiari eusteko. Iruñeko Bertso Aroa, konparaziora. Aspaldiko ekimen arrakastatsua, jendetsua, ohi denez azaroan, adin guztietako jendearen erakargarri (hiriko gazteak ere montioka), bertsolaritzaren eta bertze arte batzuen uztarketaren adierazgarri. Aurten ere egitarau bikaina. 30. aldia da. Ortzegunetik aitzina. Gozatu.