ean-Louis Davant zuberotarraren "Baskoniako notiziak" liburua aurkeztu zen herenegun Baiona Ttipian, Maiatz argitaletxe nekagaitzak plazaraturik, Iruñea eta Baiona arteko Maiatzaldia ekimenaren baitan. Hantxe agertu zen, Ürrüstoi-Larrabiletik joanik, sarri 87 urte beteko dituen euskaltzain emeritua, hark berak autoa gidaturik eta, hantxe ere, Iruñetik partiturik, Roldan Jimeno Aranguren historialari iruindarra, puskaz ere gazteagoa. Idazle eta pastoralgile oparoari ez zaio arrotz Euskal Herriko historia, duela 50 urte baino gehiago "Histoire du Pays Basque" liburu arrakastatsua ondu zuenetik. Ondotik, hamaika aldiz (10 + 1) argitaratu da. Oraingo printza hau ere zazpi lurraldeez mintzo da, Iparretik begiratuta. Horrexek egiten du berezi liburua, gero eta bakanago ikusten baita begirada hori, dela historian, dela gainerako arloetan, hau da, Euskal Herria gero eta gehiagotan EAEra mugatua agertzen ari zaigun honetan. Bere txikian, saio mamitsu eta jakingarria izan zen Lapurdikoa: bi hizlariak ere garai batean ardatz izaniko eta egun periferia bilakaturiko lurraldeetakoak, izenaren inguruan dagoen nahasmendu, ezjakintasun eta erabilera okerrak kezkatuak, Euskal Herria bere osoan hartzen duen irudikapen gero eta txikiagoak arranguratuak. "Kontu horretan atzera egin dugu nabarmen" ebatzi zuten biek. Hainbat elkartek egiten dute Maiatzaldia eta, hilaren 25ean, ekialdeko euskal irratien sorreraz, bilakaeraz eta haien arteko harremanez mintzatuko da Zaldikon izen handiko kazetari eta erratari andana bat. Azken buruan, Urmenetak duela 62 urte abiarazitako ekimena azken hatsetan dagoen honetan, herritarren ekinbideak dira mugak gainditzeko eta harremanak egiteko biderik onenak. Bizkitartean, bart, periferiaren periferiatik, maparen bazterretik, Amaren Alabak etorri zitzaizkigun beren printzak kantuz emateko. l