Lorategietako zuhaitz hostoak gorritzen eta erortzen ari dira, San Martingo uda txikia hain txikia gertatzen ari ez bada ere. Hiriko pasealeku nagusia, berriz, egunero-egunero ari zaigu hori-gorritzen, duela pare bat astetik honat, bai eta tarteka Gazteluko plaza ere. Iruñeko pasealeku nagusia da, betikoa, XX. mendearen lehen erdian hainbat urtez Irati trenaren geltokiaren kokaleku izandakoa; bigarren erdian, zartako latzak hartutakoa. Izan ere, 60ko hamarkadak bere arrasto modernoa bezain itsusia utzi zuen, pasealekuari zerion estiloa goitik behera hautsita. Garai hartan eraiki baitziren bai San Migel karrika aldeko eraikina, bai eta Navas de Tolosa aldekoa ere. Ondoko urteetan, era horretako txandrio gehiago egin ziren. Handik hogei bat urtera, gainera, zugar eder, handi eta hostotsuak bota zituzten, gaitzak jota baitzeuden, eta, urte sail luzean, ez zen itzal goxorik izan, harik eta zuhaitz landatu berriak handitzen hasi ziren arte. Bada, atzo ere orban hori-gorria agertu zen. Muturrekoenak, pasealekuan; ikusle franko bazterretatik beha, orain dela berrogeita bortz urte jendea zafratzen lasai ederrean ibilitako Kristo Erregeren gerrillarien oinordekoak nor diren ikusteko. Banderetan ikur beltz mehatxagarri aunitz, eta, bihar zer egun den ikusirik, uste izatekoa da are harroputzago agertuko direla pasealekuan, hogeita hamaseiko altxamendua gogoan. Alexander Tapia Perurena Nabarreriako olerkariak paper puska zartatuetan (eta ezkutuan) isuri zuen altxamenduaren hatzapar mingarriak eragin zion atsekabea: “Nere anai maiteak …ar zazute nere agur gartsua. Ara, negua etorri zaigu, zugatzak ostorik gabe gelditzen ari dira, ortzia estalirik ilun-iluna, mendiek lañoen artian ezkutatu dute bere gallurra... Ekaitzek joko gaituzte. O! noiz ezereztuko dira bere laño gogorrak?...”