Urtero bezala, Nafarroa Oinezek bere alea gehituko dio Iruñeko besta handiari Takonera parkeko Vistabella eremuan kokatuko den txokotik. Eta ez da ale makala izango, gainera. Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolak musikaz, dantzaz eta ikuskizunez betetako egitarau mardula prestatu du Sanferminetarako, uztailaren 6an bertan 12:00etan jaurtiko den txupinazoarekin abiatuko dena. Aurten, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko ikasle talde bat izanen da suziria jaurtitzearen arduraduna, Azterketak Euskaraz ekimenaren ordezkari gisa.

Larunbatean bisitatuko du Porrotxek Oinez Txokoa. Utzitakoa

Larunbatean bisitatuko du Porrotxek Oinez Txokoa. Utzitakoa

Kontzertuak, dantza eta Txoko Lasaia

Nafarroa Oinezeko Jarduera Batzordeko arduradun Maider Ansak azaldu moduan, Azterketak Euskaraz ekimenak frantses estatuan euskaraz ikasten duten ikasleek Baxoa azterketa (selektibitatearen baliokidea) euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzen du. Hala, aurten azterketa froga hau egin duen ikasle taldea izanen da suziria jaurtiko duena, baina ez hori bakarrik. “Suziria jaurti ondoren, ikasleek rap emanaldi bat eskainiko dute, goiz osoa girotuko dute”. Beraz, Sanferminei irekiera emanen dion eguna “egitarauko potenteenetakoa izango da”. Arratsaldean, The Trikiteens taldearen kontzertua eskainiko da eta gauean Sofokaos eta Brigade Locok emanen diote itxiera egunari.

Janus Lesterrek asteartean eskainiko du bere kontzertua. Argazkia: Javier Colmenero

Kontzertu andana eskainiko da bestak iraunen duen zazpi egunetan zehar, beraz, gauak girotsuak izanen dira Vistabellan: Kuxkuxtu txarangaren eta Nereperen kon-tzertuaren ondoren, Flitter eta Deserrite taldeen txanda izango da ostiralean; Alarma Morea, Onki Xin eta Nafarroa 1512 arituko dira larunbatean; Jo ta Txo, Mugan, STR eta XSakara, igandean; Cliford eta dj Bull, astelehenean; Janus Lester eta Aingura, asteartean; Haizkan eta Muga Zero, asteazkenean; Sala eta Garazi, Ajariguan eta Trikidantz ostegunean; eta 14ean, ostiralean, Beietz taldearekin itxiko da gaueko kontzertuen egitaraua.

Hala ere, kontzertuak ez dira eskaintza bakarra izango, tartean egonen dira bestelako ekitaldiak ere: larunbatean Porrotxek Oinez Txokoa bisitatuko du 12:00etan; txarangak ere izanen dira hainbat egunetan, bazkalosteko unea alai-tzen; Pamplona Swing taldearen saioa egonen da asteartean eta, ostegunean, bertsoak bere unea izango du, arratsaldeko 17:00etan eskainiko den saioan.

Sanferminetan ohikoa ez den zerbait ere eskainiko da aurten Oinez Txokoan: lasaitasuna. Izan ere, egunero 10:30etik 12:30era bitartean Txoko Lasaia izeneko tartea egonen da, Ansak azaldu moduan, “oasi moduko bat” izango dena. “Musika lasaiarekin, eserita egoteko tokiak eskainiz, umeekin egoteko toki aproposa izango da”. Gunearen ordutegiari dagokionez, goizeko 10:30etik goizeko 03:30ak bitartean egonen da zabalik ostegunetik igandera, eta astelehenetik igandera, 02:30ak arte. Arduradunak argitu moduan, dagoeneko txoznako txanda guztiak bete ahal izan dituzte, ikastolako komunitatearen parte-hartzeari esker. “Esfortzu handia egin da komunitate osoaren aldetik, bakoitzak bizpahiru txanda hartuz. Denetara, 500 txanda baino gehiago dira soilik barran, segurtasuneko txandez aparte”. Ohiko moduan, hala, Vistabellako txoznetan bokata eta edari eskaintza zabala aurkituko du bertaratzen den oro, giro atsegin, euskaldun eta alai batean.

Aurten, lehen aldiz, Oinez Txokoak Puntu Morea edukiko duela ere iragarri du Ansak, “jazarpenen bat jasaten duen emakume orori arreta eskaintzeko”.