2022ko akaberan plazaratu zenuen zure lehen diskoa, ‘Lehengo lepotikan burua’. Ordutik dena arras agudo joan da, ezta? Nola daramazu? 

–Uf, ba oraintxe bertan gaizki. Ailegatzen da puntu bat ohartzen zarela gelditu behar duzula, prozesatu beharra duzula pasatu den guztia, eta uste dut orain puntu horretan nagoela. Dena arras bat-batean etorri da eta mantso-mantso gauzak egiten joan naiz… Baina zure burua ikusten duzu arras arraro suertatzen zaizkizun egoera batzuetan. Orain muga bat jartzen ari naiz. Kontzertuen egutegia ere itxi dut berriki eta nire burua kokatzen ari naiz. 

Eta hori bazenuela esperientzia musikaren munduan… Bakarlari gisa emandako jauzia nabaritu duzu?

–Bai, ez da gauza bera. Nik gestionatzen dut dena zentzu handi batean. Eta ez da berdina sorkuntza kolektiboko proiektu bat daukazunean edo zu musikari bezala soilik parte hartzen ari zaren proiektu batean zaudenean, zure eginkizuna ez denean hortik harago joaten. Bakarlari bezala ere taldekideek, noski, badute beren eginkizuna eta zentzu batean bada sorkuntza kolektiboa ere, baina ez da gauza bera. 

Soinu aldetik arras disko berezia da, genero uztarketari beldurrik ez dioen lan bat. Kantu bakoitza mundu bat dela ere erran daiteke, ezta? Nola izan da lanketa, alde horretatik? 

–Hasieran kantu bakarra grabatu behar genuen baina estudioan elkartzen joan ginen, kantu gehiago egiten, eta ohartu ginen hor bazegoela disko bat. Kantu bakoitzarekin lanketa modua desberdina izan zen. Kantu batzuk taldean landu genituen, zirkuluan jarri eta jotzen, ber-tzerik gabe; eta bertze batzuk ordenagailu aitzinean jarri eta osatzea eskatzen zuten. Bakoitzak elektronikoaren eta organikoaren arteko bidaia bat eduki du, salbuespenak salbuespen, baina betiere ikuspegi berdinetatik eraikiz. 

Alde organiko eta elektronikoaren arteko uztarketa nabarmena da. 

–Bai, gogoa nuen elektronikarekin esperimentatzeko. Sentitzen nuen, inoiz ez nuenez horrekin harreman handirik eduki, zerbait nahiko pertsonala aterako zela. Instintuaren arabera egindako zerbait izan da. 

Hainbat kolaborazio aurkitu daitezke diskoan. Hauetako baten bat zuzenekoan ikusteko aukera emanen du Iruñeko kontzertuak? 

–Saiatuko naiz Iruñekoak direnak egon daitezen, nahiz eta euren egutegia nola dagoen ere ikusi beharko den. Kontzertu guztietan saiatzen naiz tokikoak diren kolaboratzaileak egon daitezen, Donostian banago, Olatz (Salvador) etortzea, edo dena delakoa. Ikusle bezala eskartzen duten zerbait da, zuzenean ikustea diskoan dagoen kolaborazio bat. 

‘Denak begira daudelarik’ kantua plazaratu duzu berriki. Arrakastaz eta askatasunas solas egiten duzu bertan. Azken garaian bizitzen ari zaren isla ere bada, nolabait? 

–Bai, guztiz. Zure inguruan asots aunitz sortzen denean, horren erdian egitan inporta duten gauza horien bilaketaz solas egiten du. Sortzen den asots horren aitzinean, zure erroak aurkitu behar dituzu. 

Puntu aldarrikatzaile bat ere baduela erranen zenuke?

–Bai. Bigarren estrofan erraten denean “Ez didazu berriz itxiko atea”, erabat errebindikatiboa da. Baita “Badakienak badaki: ni ez nintzateke honetan sartuko bazterrak nahasteko ez balitz” erraten denean ere. Ez zait sobera ebidentea izatea gustatzen, baina bai zentzua daukaten gauza batzuk botatzea, ideologikoki ere kokatu zaitzaketenak. 

Zer da arrakasta zuretzat, azken batean?

–Musikaren munduan arrakasta lortzea burutik ongi egotea, emozionalki ongi egotea da, eta ongi inguratua egotea ere. Bai musikaren esparrutik kanpo, bai musikaren esparruan bertan. Uste dut horrekin aunitz lortu daitekeela. 

Zure abestiek zutaz solas egiten dute, baina irakurketa kolektibo bat ere badute, pertsonala politikoa ere den heinean. Hala ere, erakuste ariketa horrek bertigoa eragin dezake?

–Bai, horregatik saiatzen ari naiz gero eta kontu gehiago izaten gauza batzuekin. Diskoa egiterakoan ez nuen espero hainbeste oihartzun izango zuenik eta ez nintzen sobera mugatu, egia erran. Eta ondoren, zure burua ikusten duzu egoera batzuetan… Ez naiz sekula neurtuko letrak idazterakoan, zentzu horretan, baina bai azalpenak ematerakoan, elkarrizketetan edo eszenatokian ere. Tripak mahai gainean jartzen dituzu eta badago jendea tripa horiekin nahi duena egiten duena. 

Zure entzuleen feedback-a ere ailegatuko zaizu… 

–Bai, pila bat mezu jaso ditut eta kristoren feedback-a izan dut alde horretatik. Egia da bakoitzak bere irakurketa egiten duela, baina akaso mezu gehien eragin dituen kantua Zure mina izan da, eta bada kantu nahiko esplizitua. Bakoitzak egin dezake bere irakurketa baina esperientzia suizidioarena da, ez dago gehiago, hori da elementu nagusia. Baina bai, bakoitzak bere moduan ulertzen ditu letrak eta hori da ere honen alde ederra. 

Eta ederra izango da ikustea ere jendearengana iristen dela zure musika. 

–Bai, hori da ederrena, alde horretatik ezin da gehiago eskatu. 

Bertzalde, nola bizitzen ari zara zuzenekoak? 

–Orain lasaiago, nahiz eta beti arras gaizki pasatzen dudan kontzertuaren egunean bertan.Hasieran, prestatu berri den zerbait zenean, ezjakintasunak eta zalantzak hartzen zaituzte: deus ez atzentzea, zuzenekoa ongi ateratzea, bolumenak kontrolatzea… Mila gauza dituzu buruan. Baina maila teknikoan denak ongi funtzionatzen duela barneratzen duzunean eta taldeak ematen dizun seguratsunarekin, hobeki eramaten da dena. Nahiko gaizki pasatzen dut momentuan bertan, baina egia da orain lasaiago eramaten dutela dena. 

Iruñekoaren ondotik Tolosa, Elizondo, Oiartzun, Bera, Lizarra, Donostia… Uda itzela datorkizuna, ezta? 

–Bai, itxura hori du. Berezia izango da, azken kontzertuak izanen direlako ere, momentuz behintzat. Ziklo baten bukaera izango da, eta udan betiere bereziak izaten dira zuzenekoak, gauza ederrak egonen dira. Dagoeneko berezia izaten ari da. 

Behin baino gehiagotan erran izan duzu inportanteena entzule ona izatea dela. Zer ari zara entzuten azken aldi honetan? 

–Ba oraintxe bertan Spotifyn ditudan azken erreprodukzioak erranen dizkizut, normalean nahiko “zirkua” izaten baita zerrenda: La pistola y el corazón, Los Lobos de la Ranchera taldearena; Hofe; Belén Aguileraren azken diskoa; Dodie, dela gomendatu zidaten artista bat; eta Disneyko Up pelikulako soinu banda.