Ezpatei disdira plazaratutako azken lanaren eskutik bederatzi egunez Frantziako hiri desberdinetan kontzertuak ematen ibili ondoren Iruñeko Gazteluko Plazako eszenatokira iritsiko dira gaur. Jon Salinasek, Martin Zirizak eta Sergio Devesak osatzen duten hirukoak Kaotikoren aurretik joko du, 23:45etan.

Zortzi kontzertu bederatzi egunetan, ez da gutxi. Entrenamentu moduko bat izan dela erran daiteke, udaran etorriko den birara begira?

–Egia esan, bai. Izan ere, testuinguru desberdin batera ohitzen zara, baita denbora oso gutxirekin kontzertuak prestatzera ere. Eta horrek gero oholtzan soltura eta naturaltasun puntu bat ematen dizu, jende askoren aurrean jo behar duzunean eskertzen dena.

Taldea egonkortzeko, engranajea olioztatzeko ere balio du?

–Bai, hori da. Entseguak zein kontzertuak baliagarriak dira horretarako. Talde bat herdoilduta dagoenean nabaritzen da, gure kasuan behintzat nabaritzen dugu. Beraz eskertzekoa da horrelako kontzertu birak egin ahal izatea, testuinguru desberdinetan, jende gutxirekin zein askorekin, zure hizkuntza ezagutzen ez duen jendearen aurrean jotzera ohitzeko.

Erranen nuke Tatxersek oholtza oso desberdinetan jo izan duela, baina oso ongi hautatutako agertokiak ere badirela, ezta?

–Hasieratik lehentasun bat izan da nahi dugun tokietan jotzearena eta orain arte hala egin dugu. Askotan lehenetsi ditugu gaztetxeak eta modu autogestionatuan antolatzen diren espazioak. Gero, egia da diru-iturri aldetik zertxobait izateko batzuetan beste lekuetan ere jo behar duzula, baina beti lehenetsi izan ditugu horrelako tokiak, lagunak ditugun tokiak, eta horrekin gustura daude. Pozik gaude egindako ibilbidearekin eta dauzkagun hurrengo kontzertuekin, gaurkoarekin, adibidez.

Sanferminetan Gazteluko Plazan jotzea ez da edonolako kontua.

–Hala da, uste dut ez dugula inoiz halako azpiegiturako kontzerturik izan. Ez dakit zenbat jende egongo den aurrean, baino potentzialki asko izan daiteke. Horrek beldur pixka bat ere ematen dit, espazioa oso handia delako eta tokia erdi hutsik ikustea… Tira, nik berdin gozatuko dut, hori argi daukat, baina egia da zure hirian jotzen duzunean ez dela berdina jende asko edo gutxi ikustea. Bertigo punttu bat badago.

Akaso zuena ez den publiko bat ere aurkituko duzue gaurkoan…

–Bai, eta kontziente gara horretaz. Horregatik, nahi ditugun mezuak helarazteko baliatuko dugu. Ez dugu sekulako show bat egingo, ez da gure egiteko modua, baina bai aprobetxatuko dugula inoiz egin ez dugun zerbait egiteko, aldarrikapenen aldetik. Aroztegiaren inguruko erreferentziak egongo dira, baita Palestinaren aldekoak ere. Badakigu guiri pila egongo dela seguruenik, eta mezu aldarrikatzaileak baliatuko ditugu sentitu dezaten Iruñea ez dela beste edozein hiri, badagoela aldarrikapen espazio bat. Jatorri ezberdinetako jendea iritsiko da sanferminetan, horietako asko zoritxarrez Israelen aldekoak, eta horiei etxean ez daudela sentiarazi nahiko genieke, bertako posizionamendu politikoa zein den erakutsi.

Hitz egin dezagun zuen azken diskoaz. ‘Ezpatei disdira’-k dagoeneko egin du bidetxo bat. Badirudi egonkortzearen diskoa izan dela, talde bezala finkatu zaretela, baita jendartean ere.

–Bai. Disko batek ez dakar bai ala bai hazkunde bat eta horren jabe gara, baina egonkortzea ekarri digula egia da. Konposizioaren aldetik zerbait beria deskubritzeko bidea eman digu, gure tresnak aniztu egin dira, zentzu askotan. Gure bidea eta gure estiloa zehazteko aukera eman digu.

Hainbat nobedaderekin iritsi zen disko hau. Horietako lehena, eta akaso nagusia, Sergio Devesaren fitxaketa bateria jotzaile gisa.

–Hain zuzen uztailaren 5ean eman genuen lehenengo kontzertua berarekin. Eta bai, aldaketa hori izanda esanguratsuenetariko bat, estilo aldetik ere taldea aldatu du pixka bat, betiere gure estiloa zein den argi izanik. Oro ha, esango nuke jarraikortasun bat egon dela disko honetan, bai soinu aldetik eta bai konposatzeko moduaren aldetik. Etorkizunari begira, aurtengo eta heldu den urte hasierako kontzertuak bukatuta, etenaldi mugagabe bat egiteko asmoa daukagu. Ez dugu taldea utziko, inolaz ere, baina espero dut urtetxo inguru bat hartu ahal izatea lasai egoteko, presiorik gabe konposatzeko, 2021etik ia ez baigara gelditu. Denbora falta sentitzen dut, baita taldearen izaera edo bidea zehazteko, aldatzeko edo gauza desberdinak probatzeko ere. Zeozer aldatzeko asmoa ere badago.

Beharrezko etenaldia, beraz. Gauza berriak atera beharraren presioa sentitzen duzue?

–Presio hori badago, nola ez. Existitzen da eta seguru aski arrazoiak egonen dira hori sentitzeko ere. Ez da ezerezetik sortzen. Esplizitua ez den arren, nabaritzen dugu. Aldi berean, nik ez dut jendeak gure taldea ahaztea nahi, gizartean presente egoten jarraitzea nahi dut. Baina badago behar bat ere hortik ihes egiteko, benetan zuk egin nahi duzuna egiteko. Eta horretarako etenaldiak beharrezkoak dira, uste dut jendea ere horretara ohitu behar dugula nolabait, jakitea gelditzeagatik ez dela ezer gertatzen.

Hazteari utzi ez diona Iruñeko musika eszena da. Gero eta zabalagoa eta anitzagoa da, eta aldi berean agertoki oso gutxi daude guzti hori erakusteko, oraindik. Egun Motelak egitasmoa horri erantzuna emateko modua izan da?

–Egun Motelaken barruan gaude Tatxers, Borla, Hiuzz, Melenas eta musikariak ez diren beste jende eta kolektibo batzuk. Kolektibo bat gara eta kontzertuak antolatzen ditugu bi hilabetean behin, oraingoz ez daukagulako gehiagotan antolatzen indarrik. Asmoa da gure hiriko eskaintza kulturala guk nahi dugun forman aurrera ateratzea. Horretarako lana egin behar da, eta horretan gabiltza. Kontzertuez gain fanzine bat ere atera genuen. Gurea asmoa, indarrak batu ahala, pausoak ematen jarraitzea da, ez dakigu zigilu forman edo beste modu batean, ikusiko dugu. Oraindik ez dugu modu sakonean eztabaidatu. Baina kontua da espazioa irabazten joatea, orain arte hegemonikoa izan den horrekiko.

Gauzak egiteko modu berriak bilatzea?

–Askotan ez da espazio kontua, espazioak egon badaudelako, baizik eta nola kudeatzen diren. Espazio horiek daukaten helburu gorena maiz dirua izaten da, kapitalismoan bizi gara eta normala da dirua agente garrantzitsu bat izatea. Hala da. Guk ere taldeei modu duinean ordaindu nahi diegu, hori ere argi daukagu. Baina horretaz aparte, Iruñean beste plazarik ez duten taldeei oholtza eman nahi diegu, benetan uste dugulako proposamen artistiko oso interesgarriak badaudela, ezagunak izan ez arren. Baita Euskal Herriko beste eremuetako taldeei zein nazioartekoei lekua egitea ere, interesgarria delako gure kulturarentzat, elikatzen duelako. Astean hiru aldiz kontzertuak egotea litzateke idealena, utopikoa izan arren. Baina diruak dena kakazten du, eta hori denean interes gorena, kulturarentzat onuragarriak ez diren beste elementu batzuk sartzen dira jokoan. l