Síguenos en redes sociales:

Eszenatoki | Kontzertuak

Gari Uriarte, Duplako abeslaria: “Spotify garaikoak gara, musika asko entzuten dugu eta sortzerakoan hori nabari da”

Duela lau urte sortu zenetik Dupla taldeak ez du gelditzeko asti handiegirik eduki. Gaur, Aguraingo taldeak Gazteluko Plaza dantzan jarriko du 23:00etan, Zea Maysen aurretik

Gari Uriarte, Duplako abeslaria: “Spotify garaikoak gara, musika asko entzuten dugu eta sortzerakoan hori nabari da”2 Elkarrizketa Miren Mindegia f Argazkia Utzitakoa

De un Pueblo Llamado Agurain diskoaren izenaren akronimotik hartzen du bere izena Duplak, sustraiak herrian errotuta edukitzeari ematen dion garrantziaren seinale. Beñat Oribek eta Gari Uriartek proiektuari ekin ziotenetik eszenatokiak harilkatzen joan dira beren belaunaldia zeharkatzen dituzten gaien inguruan abestuz. Uriartek berak argitu moduan, genero askotarikoak uztartzen dituzten abestien bitartez “belaunaldi horren eta euren inguru hurbilaren” kronistak izan nahi dute.

Duplakoek zuzenekoetan jartzen duzuen energia ezagututa, pentsatzekoa da gaurkoan giroa ziurtatuta dagoela.

–Bai, ostiralarekin izanda, gainera, giroa egotea espero dugu. Pasa den urtean ere sanferminetan egon ginen, Herriko aurrean dagoen plaza txiki horretan, eta honakoa Gazteluko Plazan egonen gara lehenengo aldiz. Jende kopuruagatik bakarrik bada ere, giro ederra egongo dela ez dugu zalantzarik.

Dagoeneko bidetxo bat egin duzue talde bezala. Duela lau urte inguru sortu zen Dupla, eta ordutik eszenatoki andanan ikusi zaituztegu, Euskal Herrian zein bertatik kanpo. Bidaia polita izaten ari da, ezta?

–Ba bai. Egia da hasi ginenetik, pandemia egon zen tartean, baina ezin gara kexatu. Oso ongi joan da dena, kontzertu piloa egin ditugu, musika kolaborazio bidaia polita izan da… Pozik gaude.

Kolaborazio ugari izan dituzue, horietako batzuk hurbilak ditugunak. Raimundo el Canasterorekin egin duzue ‘Fandago nasty’ abestia, adibidez. Nola suertatu zen elkarlana?

–Ba abestia bageneukan. Azken diskoa bukatzerakoan, estudioan, estribillo hori egin genion. Eta begira nola diren gauzak, diskoko abesti hoberena izan da, jendeak behintzat horrela hartu du. Eta flamenko kutsu bat bazuenez, Raimundokoekin hitz egin genuen, beraien duende hori behar genuela esan genien, eta estudiora etorri ziren grabatzera.

Disko honetatik zalantzarik gabe gehien entzun den abestietako bat. Musikan ez dago formula sekreturik, ezta?

–Hori da. Abesti honen kasuan estribilloa atera zen horrela. minutu erdi batean. Eta gero, oso abesti erraza denez ba, ez dakit, magia hori dauka. Kontrakoa ere gertatu daiteke, bi hilabete eman dezakezu abesti bat egiten eta azkenean ez da diskoan sartzen ere.

Raimundokoak hurbilekoak izanda, ez dakit gaurkoan eszenatoki gainean ikusteko paradarik izanen dugun… Zeozer aurreratzerik?

–Ba, begira, normalean gure abestietan kolaboratzen dutenak gonbidatzen ditugu, baina batzuetan beraientzat “marroi” bat ere izan daiteke. Parrandan egon daitezke, eta soinu probak egitea, eta abar, kantu bakarrarentzat… Batzuetan konplikatua izaten da. Sanferminetan egonda gainera, igual izorratzen diegu. Egia esanda ez dugu horretan pentsatu.

Tira, sanferminek inprobisatzeko tartea ere ematen dute, akaso momentuak hortik badabiltza… Nork daki?

–Hortik baldin badaude eta momenturen batean eszenatokira igotzen baldin badira, ez legoke gaizki, ez. Igual Beltzarekin hitz egiten nago eta, “aizu, Iruñean gaude, hortik zaudete?”. Izan daiteke, baina ez dakit. Gainera, kasu honetan hamabi edo hamalau taldekide dira, ez da erraza denak elkartu eta etortzea. Baina baten bat hortik badago… Buruan izango dugu. badaezpada.

Mundua bukatzen badaki, zuen letrak dioen bezala, “que nos pille bailando”. Bada esaldi bat oso ongi biltzen duena Duplaren izpiritua, ezta?

–Bai, hor dudatan egon ginen hitzarekin, “bailando” edo beste zerbait erabili, “-ando” bukatu beharra zuen errimarengatik. Baina egia da nahiko abesti dantzagarriak ateratzen zaizkigula. Letra hori idatzi genuenean izan zen Ukrainako gerra hasi zenean, imajinatu orain nola gauden, uste dut abestia gero eta gehiago entzuten dela mundua gero eta okerrago doalako.

Maiz hitz egiten da zuen musika estiloaz, edo estilo horren barrenean biltzen diren estilo ugarietaz. Baina gutxiagotan errepara-tzen zaie zuen hitzei, eta dirudienaren kontra, garrantzia nabarmena daukate zuen konposizioetan, ezta?

–Bai, hala da. Azkenean, abesti batean daude melodiak eta letrak, eta melodia onak egiten saiatzen gara, baina letrari ere garrantzia ematen diogu. Bion artean egiten ditugu, eta kristoren garrantzia daukate. Batzuk iruditu dezakete pixkat tontoak direla ere, baina ez da erraza arina den zerbait sortzea. Buelta asko ematen dizkiegu letrei, horretan saiatzen gara. Armoniak bezala, letrak oso garrantzitsuak dira, noski.

Badituzue abesti zehatz batzuk hori azpimarratzen dutenak, hain zuzen. Hor dago ‘Otsaportillo’, memoria historikoari errepara-tzen dion abestia. Nola sortu zen?

–Gure diskoa De Un Pueblo Llamado Agurain da. Bertan gure herriko kondairak biltzen saiatu gara, gure herrikoak zein ingurukoak izan daitezkeen gauzak bildu ditugu. Eta Otsaportillokoa nire etxean beti entzun dudan zerbait izan da, lo de los maestros de Galarreta. Egun batean, nire bizilagunak gertakari horren inguruko informazio asko zeukan dokumentu bat eman zidan eta, ez dakit, bapatean sentitu nuen hori ere bazela gure herriko kondaira bat, nik betidanik nire aitonari, nire aitari entzundako istorio bat, herrian zegoena. Eta esan nuen: zergatik ez honen inguruan hitz egin?

Abestietako gaiak aldez aurretik zeintzuk izanen diren zehazten dituzue? Ze argi dagoena da zuen belaunaldiaz hitz egiten duen disko bat ere badela.

–Guri buruz hitz egiten dugu. Azkenean, asko kostatzen zaigu zuzenean gurekin konektatuta ez dauden gaiei buruz hitz egitea. Guk edo gure ingurukoek dituzten kezkez edo gaiez hitz egiten dugu. Saiatzen gara pixka bat gure belaunaldiko eta gure zonaldeko kronistak izaten, inguruan daukaguna hartzen, horren inguruan hitz egiten. Idazterakoan, noski, fantasia pixka bat ere sartzen duzu, fikzionatu egiten duzu, baina errealitate batetik abiatzen gara beti.

Plazaratu duzuen azken abestia Herri Urratsentzat egindakoa izan da, ‘Elgarrekin’. Ez zarete bakarrik egon, hortxe izan dituzue alboan Pantxoa eta Peio. Zer moduz esperientzia?

–Ba, lan handia egin dugu, egia esanda. Enkarguzko abesti bat da, ez zuk burutan izan dezakezun zerbait. Deitzen dizute, elkarrizketa bat badago, nahi bat. Kasu honetan, nik ezagutzen nuen Herri Urrats, baina ez naiz bertakoa. Beraz, bertara joan ginen, bertako jendearekin egon ginen, bideoak ikusi genituen… Gauza pilo bat. Gaian murgildu beharra zara. Hilabete batzuk eman genituen guztia buruan sartzen, herriko gazteekin hitz egiten, hango antolatzaileekin ingurua ezagutzen… Eta azkenean letra hau atera zen. Melodia ere sortu genuen. Eta momentu batean bageneukan Pantxoa eta Peioren Azken dantza-ren erreferentzia. Nik horrela planteatu nuen abestia: demagun gaur egun zure aiton-amonei kontatzen diezula “begira non gauden, hemen jarraitzen dugu, ez gara oraindik azken dantza”. Beren estrofa bat bageneukanez, baimena eskatzeko deitu genien. Grabaketa estudiora bertaratzera gonbidatu genien eta abesten bukatu zuten. Ez genuen berez bilatu. Asko gustatu zitzaien abestia, horrela sortu zen. Polita da, izan ere guri lotsa ematen zigun gure abestian kantatzeko eskatzea, baina beraien aldetik atera zen, animatu ziren.

Polita izanen da ikustea enkarguz iristen zaizun kantu batek zein lekutara eraman zaitzakeen, ezta?

–Bai, gainera Pantxoa eta Peio old school dira. Hau da, ez genuen bideo-dei bat egin gauzak zehazteko, Arrangoitzera joan ginen, beren herrira, kafetxo bat hartzera beraiekin. Ordu eta erdi daukagu gure herritik beraienera. Gitarra kotxean sartu eta joan ginen, eta hantxe egon ginen laurok bakarrik, beraiek eta gu, gitarra jotzen. Beñatek eta biok beti esaten dugu guretzat oso berezia izan zela. Guk gure abestia erakutsi genien, beraiek ere beraiena abestu zuten. Oso momentu berezia eta polita izan zen, zalantzarik gabe.

Aipatu dugu zuen abestiek zuen belaunaldiaz hitz egiten dutela. Halakoa da hain zuzen ere zuen azken abestietako bat: ‘30s’, oso egungoa izan daitekeen esaldi bat dioen abestia. “Zoriontsua zara?” galderari, “sin más. Ezin naiz kexatu” erantzuten dio ahotsak.

–Bai, izan ere, nork ez dio horrela erantzun galdera horri? Baita etxearena, edo neska-lagunarena, edo alkoholarena… Badira gurekin konektatzen duten gauzak, baina, aldi berean, gero konturatzen zara jende askorekin ere konektatzen dutela. Badirela gure gizartean, gure inguruan, gure belaunaldian, gure adina daukan jendearekin konektatzen duen hitz bat edo hitz batzuk. Eta inertziaz errepikatzen diren esaldiak ere, inguruan.

Musika estilo asko uztartzen dituzuela erran izan da maiz. Akaso kontua da jolastea gustatzen zaizuela?

–Edo oso azkar aspertzen garela gauzetaz, izan daiteke. Spotify garaikoak gara, musika asko entzuteko aukera daukagu. Egun berean entzun dezakezu rocka, Chavela Vargas eta elektronika abesti bat. Horrela kontsumitzen dugu musika. Guretzat musika musika da, eta horrela bizi izan dugu harremana musikarekin. Musika egiterako orduan, erreferentziak hain dira anitzak, edozer egin dezakezula. Ordenagailuek ere laguntzen du horretan. Tira, gauzak egiten jakin behar duzu, eta badira zailagoak diren kontuak, baina berdin saiatzen gara batxata bat egiten edo beste estiloko zerbait.

Oholtza gainean estreinatzen dituzue egindako kantu berriak, grabatu eta plataformetara igo aurretik. Zer daukazue orain esku artean?

–Denbora gutxi eta kontzertu asko. Egia da udan kostatzen zaigula abestiak egitea, edo niri behintzat hala gertatzen zait, handik hona gabilelako, gelditu gabe. Eta abesti bat egiteko denbora behar da, pentsatzeko denbora behar da. Nik behintzat horren beharra dut. Biraren erdian nagoenean ez zait ateratzen idaztea, edo ordenagailuarekin egoteko denbora hartzea. Eguraldi ona ari badu, gainera, lagunekin egotea gustatzen zait, buelta bat ematea… Ez naiz etxean ordenagailuaren aurrean gelditzen. Neguan konposatzen ditugu gehiago gauzak. Udan, knotzertuak eman, bain, eta kalera atera eta bizi, ere bai. Akaso gauzak pentsatzeko tartea izanen dugu, gauzatxoren bat egiteko, baina ez gehiegi. Musika sortzeko ere oso zure munduan sartuta egon behar zara. Idazteko, pentsatzeko, obsesio puntu bat izan beharra duzu. Eta akaso udan ez nago horretarako.

Kontzertuak emateko dira udarak, eta zuen kasuan Euskal Herrian zehar arituko zarete, baita bertatik kanpo ere. Ingalaterran biratxo bat eginen duzue, ezta? Nola suertatu da?

–Arraroa izan zen. Frantzian dagoen leku batera joan ginen kontzertu bat ematera, eta han oporretan zegoen tipo bat hurbildu zen kontzertura. Ingelesa zen eta, dirudienez, promotorea. Kontzertua gustatu zitzaion eta bere herrialdean kontzertuak antolatuko zizkigula esateko hurbildu zen bukaterakoan. Guk ez genuen sobera sinetsi, baina gauzak zer ziren, handik gutxira idatzi zigun. Jaialdiak antolatzen omen ditu, eta bira txiki bat antolatu digu.

Ingelesarekin moldatzen zarete, beraz?

–Bai, nik pelikulak eta serieak, baita musika ere, ingelesez maiz entzuten ditut, eta moldatzen naiz hitz egiteko. Entzuterakoan ere dena ulertzen dut. Manchester aldera goaz, ea Ingalaterrako ingelesarekin moldatzen garen.