Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:
- Podcastak euskaraz
- Podcastak gaztelaniaz
Zer testigantza utzi zuten historiako hainbat garaitan Iruñetik igaro ziren pertsonek? Arreta eman zien bertako hizkuntzetako bat euskara izateak? Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bidez sortutako “Euskara aleka” podcasteko lehen kapituluan, pertsona horietako batzuen testigantzak bildu ditu. “Guztiei euskara harrigarri egin zitzaien eta hirian mintzairak zuen indarra nabarmendu zuten”.
Lekukotzarik zaharrena Al-Himyari geografo arabiarrarena da, Abderraman III.ak Iruñaren aurka 924. urtean egin zuen kanpainaren kronikari: “Iruñeko herritarrak pobreak dira, ez dute behar adina jaten eta lapurretan aritzen dira. Gehienek euskaraz hitz egiten dute, eta horrek ulertezinak egiten ditu”.
Von Harf noble aleman gazteak, XV. mendearen amaieran, bisitatu zuen nafar hiriburua, baina hiriaren edertasunak, emakumeen jantzi ikusgarriek eta euskarak atentzioa eman zioten. Hain zuzen ere, hainbeste erakarri zion, non euskaraz eta alemanez idatzitako hiztegi txiki bat prestatu baitzuen, hitz eta esamolde arruntenak erabiliz: Ni zara?, ogia, haragia...
Podcastaren lehen pieza honetan, XVII. mendearen hasierako noble baten pasadizoa ere aurkituko dugu, tabernari batekin eta haren alabarekin tira-bira izan zuena; baita Jacques Faget de Baure biarnesaren testigantza, Paueko Nafarroako Parlamentuko azken idazkaria (1784); eta August Frazer Wellington jeneral ofizialaren hitzak ere (1813). Izan ere, hirian Napoleonen aurkako gerran izan zirenean, ingelesak hain harrituta geratu ziren “beste hizkuntza bat” hitz egiten zela ikustean, soldaduentzako euskara-ingelesa hiztegi txiki bat egin baitzuten.
26 kapitulutan, nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.
“Euskara aleka” Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Juriorenak, Peio Monteanorenak, Josi Maria Satrustegirenak, Patxi Salaberrirenak, Joxemiel Bidadorrenak, Mikel Belaskorenak, Fernando Maiorarenak eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaileak eta idazleak egin du.
Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:
Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.