Síguenos en redes sociales:

Euskararen presentzia historikoa Erriberan

“Euskara aleka” podcasteko hirugarren kapituluan euskarak Nafarroako hegoaldean izan duen historia luzea ezagutuko dugu

Euskararen presentzia historikoa Erriberan

Nolakoa da euskararen eta Nafarroako Erriberaren arteko harremana? Frogaturik al dago eremu horretan euskaraz hitz egin zela? Hala adierazten du Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, argitaratu duen “Euskara aleka” podcastaren hirugarren kapituluak, Erdi Arotik abiatuta, Nafarroako hegoaldean euskarak izan duen ibilbide historikoan murgiltzeko.

“Aro Modernoaren hasieran”, gogorarazten digu podcastak, “Nafarroako bizilagun gehienak euskaldunak zirenean, Nafarroako hegoaldean ere baziren euskaraz hitz egiten zutenak”. XVI. mendean, adibidez, ohikoa zen euskara entzutea Nafarroako hegoaldean, neurri batean Nafarroa Beheretik eta euskara mintzaira nagusia zen lurraldeko beste eskualde batzuetatik etorritako migrazio-mugimenduagatik. Inguruko euskararen presentzia agerian uzteko, kapitulu honetan Pedro López Tuterako bizilagunaren istorioa kontatzen da. Pedro López albaitariak lanpostu publikoa betetzen zuen eta “tokiko hizkuntza ulertzen ez zuenez”, Iruñeko Kofradiaren eta inguruko nekazari batzuen kexuak jaso zituen.

XX. mendean, Euskaltzaindiko kide urgazleen artean, hiru izan ziren Erriberakoak: Caparrosoko Celestino Peralta, Arrigarai ezizenaz ezaguna eta egun, Tuterako AEKren euskaltegiak duen izenaren arrazoia; Marcelino Garde, Zarrakaztelukoa, Erronkariko euskararen berreskurapenean lan larria egin zuena; eta azkenik, José Maria Iribarren, gaztelaniaz ikerlan ugari plazaratu zituena eta Nafarroako eremu erdaldunduetan erabiltzen ziren euskal jatorrizko hitzen eta adierazpenen bilketan lan handia egindakoa. 

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka” Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaileak eta idazleak egin du. 

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:

Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.