Jotarien, baratzeen, ureztatzen diren lur sailen, zainzurien eta artoaren lurra. Murillo el Fruto, Erriberagoieneko herria da; Aragoi ibaiak bustitzen du eta Zarrakazteluren, Santakararen, Melidaren eta La Olivako monasterioaren mugakidea da. Euskarak ia arrastorik utzi ez zuen lekua… Ala bai? Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez sortu duen “Euskara aleka” podcastaren laugarren kapituluak, XIV. mendearen amaieran Murillo el Fruto herriko euskal toponimo ugari biltzen dituen dokumentu baten inguruan hitz egiten du. Gai oso adierazgarria da, herriaren kokapen geografikoa kontuan hartuta.

Agiri hori XIV. mendekoa da eta Iruñean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, aurkitu zuten. Dokumentuan agertzen diren toponimoak “oso argiak, ulergarriak eta ondo idatzitakoak dira”: Baratzetako Odia, Txorrota, Uharte, Ehuntzea, Baratzebideta, Baratzeberrieta, Legazpea, Areatzea… Izen horietako asko ibaiari eta urari, ureztaketei eta baratzeei lotuta daude.

Toponimoen argitasunak erakusten du garai hartan Murillo el Fruton euskaraz mintzatzen zela, edo, bestela esanda, hizkuntzak uste baino luzeago iraun zuela bertan. Euskararen galerarekin, toponimo horiek guztiak aldatu eta desitxuratu ziren. Dokumentuak erakusten dituen beste bitxikeria batzuk herriko bizilagunei buruz hitz egiteko erabiltzen ziren ezizen batzuk dira, besteak beste, herriko alkatearena: Joan Piper.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka” Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaileak eta idazleak egin du. 

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:


Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.